Basaurik Ibaizabal eskualdeko Basque Segurtasun Foroa hartu du

Basaurik Ibaizabal eskualdeko Basque Segurtasun Foroa hartu du
  • Segurtasunaren arloko hainbat erakundek, gizarte-eragilek eta profesionalek, ia 40 ordezkarik, elkarlanean aztertu dituzte eskualdeko egungo erronkak, eta etorkizunerako proposamenak partekatu dituzte erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko.

Basauri izan da gaur arratsaldean Basque Segurtasun Foroaren saio berri baten agertokia. Bertan, Ibaizabal eskualdea osatzen duten Arrigorriaga, Basauri, Etxebarri, Galdakao, Usansolo, Ugao-Miraballes, Zaratamo eta Zeberioko erakunde, gizarte eta ekonomiako ordezkarien artean 40 bat lagun bildu dira. Topaketaren helburua izan da eremu honetako segurtasun-egoerari buruzko gogoeta partekatua egitea, diagnostikoak, esperientziak eta proposamenak trukatuz, bizikidetza indartzeko eta erakundeen zein tokiko eragileen arteko koordinazioa hobetzeko.

Saioa Segurtasuneko sailburuorde Ricardo Ituartek zuzendu du, eta eskualdeko udaletako ordezkariak bildu ditu, baita gizarte-erakundeak, eragile ekonomikoak, auzo-elkarteak eta segurtasunaren eta kudeaketa publikoaren arloan diharduten profesionalak ere. Parte-hartzaileen artean izan dira Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Foru Aldundiko eta justizia-arloko ordezkariak, babes zibileko boluntarioak, Ertzaintzako eta udaltzaingoetako kideak, Osakidetzako ordezkariak, elkarteak eta enpresak, besteak beste.

Topaketaren izaera anitz eta zeharkakoak segurtasuna ikuspegi zabal batetik aztertzeko aukera eman du, ikuspegi polizial hutsa gaindituz eta prebentzio-ikuspegiak txertatuz; aldi berean, erakundeen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu da. Saioan zehar, Ibaizabal eskualdeko udalerriei eragiten dieten erronka nagusietako batzuk jorratu dira, hala nola larrialdien kudeaketa, klima-aldaketaren ondorioak, ziberkriminalitatea, emakumeen aurkako indarkeria edo drogen trafikoarekin eta kontsumoarekin lotutako arazoak, besteak beste.

Parte-hartze prozesua Euskadi osoan

Gaurkoa Basque Segurtasun Foroaren hamazazpigarren bilera izan da, aurretik Bidasoan, Mungialdean, Goierrin, Debagoienan, Meatzaldean, Arabako Errioxan eta Arabako Mendialdean, Oarsoaldean, Bilbon, Aiaraldean, Urola Kostan, Lea-Artibain, Ezkerraldean, Debabarrenean, Enkarterrin, Araban eta Gipuzkoan egindako saioen ondoren.

Basque Segurtasun Foroa parte-hartze prozesu bat da, segurtasunari buruzko diagnostiko partekatu bat ikuspegi integral batetik eraikitzeko. Prozesu horretan, hainbat erakundek, entitatek eta eragilek topagune bat izango dute kezkatzen dituen segurtasunarekin lotutako gaiak lantzeko: herritarren segurtasuna, larrialdi klimatikoa, mugikortasuna, ekitaldi handiak, zibersegurtasuna, larrialdiak

Foroaren hurrengo bilera martxoaren 12an egingo da, Vitoria-Gasteizen.