Igeldoko Energia-Komunitate lehen proiektuko lau instalazio fotovoltaikoak martxan daude

Igeldoko Energia-Komunitate lehen proiektuko lau instalazio fotovoltaikoak martxan daude

Igeldoko Energia-Komunitateak (IKE Koop. S), bere lehen proiektuan aurreikusi zituen lau instalazio fotovoltaikoak dagoeneko martxan daudela ezagutzera eman nahi dio euskal gizarteari. Hau lortu ahal izateko bidea ez da erraza izan, baina azkenean lortu dute.

IKEk hiru urte daramatza lanean, eta 78 bazkide ditu egun, tartean, herriko sei enpresa eta bi elkarte. Beraz, lau instalazio fotovoltaiko hauek martxan jartzean esan dezakegu Igeldoko familien ia herenaren kontsumo energetikoa jasangarriagoa dela.

IKE, Igeldoko Energia-Komunitatea, energia berdea kontsumitzeko helburua duen irabazi asmorik gabeko kooperatiba da. Bere jarduera nagusia jatorri berriztagarriko energia ekoiztea da autokontsumoa bultzatzeko. Egungo energia-eredua aldatzeko konpromisoa hartu dute, pausoz pauso, Igeldon ere % 100 eredu berriztagarria lortzeko.

Bere helburu nagusiak dira: energia-subiranotasunean sakontzea, trantsizio sozioekologikoa sustatzea, igeldotarren izaeran sustraitua dugun auzolanaren bidez kostuak murriztu eta faktura elektrikoan aurreztea, pobrezia energetikoan bizi diren bizilagunen inklusioa sustatzea eta herritar guztien gizarte kohesioa bultzatzea.

Goienerren laguntzarekin burutu duten lehen proiektu hau bazkideen ekarpenekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren dirulaguntzen bidez finantzatu dute.