Mikel Torres: “Enplegua ez da soilik okupazio zifretan neurtzen, langileen kalitatean, duintasunean, segurtasunean eta benetako ongizatean baizik”

Mikel Torres: “Enplegua ez da soilik okupazio zifretan neurtzen, langileen kalitatean, duintasunean, segurtasunean eta benetako ongizatean baizik”

Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak “ez du ulertzen” hazkunde ekonomikoa, “osasunaren, aukera berdintasunaren eta gizarte eta ingurumen iraunkortasunaren babesetik bereizita”

 

Mikel Torres Lehendakariordeak eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak berretsi du konpromiso politiko “argia eta zalantzarik gabea” duela laneko arriskuen prebentzioarekin eta laneko jazarpenaren eta diskriminazioaren aurkako borrokarekin: “Enpleguaren kalitatea ez da soilik okupazio zifretan neurtzen, baizik eta langileen benetako duintasunean, segurtasunean eta ongizatean”.

Jazarpenaren eta Diskriminazioaren Euskal Behatokiak ostegun honetan Bilbon antolatutako “Laneko arriskuen prebentzio sistema eta esperientzia praktikoa, bereziki psikosozialak: gogoratzen edo ospatzen dugu?” jardunaldiaren inaugurazioan, Torresek azpimarratu du kalitatezko enplegua “lehentasun estrategikoa” dela zuzentzen duen sailarentzat, eta eredu ekonomiko “bidezkoago, lehiakorrago eta gizatiarrago” baten “oinarria” dela.

Lehendakariordeak “ez du ulertzen” hazkunde ekonomikoa, “osasunaren, aukera berdintasunaren eta gizarte eta ingurumen jasangarritasunaren babesetik bereizita”. Zentzu horretan, eskatu du prebentzioa enpresen “bihotzean” integratuko duten politika publikoak bultzatzeko, lan ingurune “seguruak eta osasungarriak” sustatuko dituztenak, genero ikuspegia txertatuko dutenak eta jazarpen edo diskriminazio “mota guztiei” aurre egingo dietenak, “lan istripu bakoitzaren, arrisku psikosozial bakoitzaren atzean izen-abizenak dituen pertsona bat dagoelako, familia bat duena”.

Torresek zehaztu duenez, “egungo lan munduak langileen osasun mentalean eragin handia izan dezaketen faktoreak ditu”, besteak beste, lan gainkarga, autonomia falta, laneko segurtasunik eza, isolamendua edo pertsonen arteko gatazkak, “estresa, antsietatea eta akidura emozionala eragiten dutenak”. Ildo horretan, azpimarratu duenez, “ondorioak ez dira norbanakoaren esparrura mugatzen, baizik eta zuzenean eragiten dute produktibitatean, lan-giroan eta erakundeen jasangarritasunean”. Hori dela eta, adierazi duenez, “ez gara norbanakoen hauskortasunez ari, lan baldintzez baizik, eta, beraz, batera heldu behar zaion erantzukizun kolektiboaz”.

Era berean, balioan jarri du Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearen zeregina, eta nabarmendu du arrisku horiek identifikatzen eta kudeatzen laguntzen duten tresnak, gidak eta prestakuntza programak egiten lagundu duela. Halaber, azpimarratu du Jazarpenaren eta Diskriminazioaren Euskal Behatokiaren lana, “ezinbestekoa” delako Euskadin prebentzio kultura hobetzen jarraitzeko.

Araudia eguneratzea

Torres Lehendakariordearen ustez, lan arriskuen prebentzioari buruzko egungo legea “arrakastatsua izan da”, azken hiru hamarkadetan lan istripuak “esponentzialki” murriztea ahalbidetu duelako, baina gogorarazi du azken urteetan “geldialdi” bat sumatzen dela, arau esparrua berrikusi eta eguneratzera behartzen duena, eta eguneratze hori “beharrezkotzat jotzen du lege esparrua XXI. mendeko erronketara egokitzeko”.

Genero ikuspegia txertatzea, arriskuen ebaluazioan klima aldaketaren ondorioak kontuan hartzea, arrisku psikosozialei heltzea eta enpresetan prebentzioa benetan barneratzean aurrera egitea dira, adierazi duenez, erreforma horren funtsezko elementuak.

“Arduradun publiko, eragile sozial eta profesional konprometitu gisa, gure helburu da lan ingurune seguruagoak, osasungarriagoak eta inklusiboagoak eraikitzea”, gaineratu du Mikel Torres Lehendakariordeak.