Reyno Gourmet hazten ari da merkatuan 2.746 produktu izatera iritsi baita, duela 4 urte baino %8 gehiago

Reyno Gourmet marka gero eta gehiago hazten ari da merkatuan, gero eta elikagai gehiago baititu; hots, 2.746 erreferentzia dagoeneko, duela lau urte baino %8 gehiago. Horrela jakinarazi dute Reyno Gourmet 2026ko Enpresa Jardunaldian, ostegun honetan, Uharteko Don Carlos Hotelean. Bertan izan dira zigilu hori osatzen duten kalitate-figura desberdinei atxikitako hogeita hamar bat enpresa.

“Herritarrek kontsumitzen dituzten produktuen jatorria eta trazabilitatea ezagutu nahi dituzte, eta Reyno Gourmet zigilua elikagaien kalitate ziurtatua, gertutasuna eta ekoizpen iraunkorra bermatzen dituen bereizgarri onena da; gainera, lurraldearekiko eta eragile ekoizleekiko konpromisoa du”, adierazi du Foru Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria den Jose Mari Aierdik, ekitaldiaren irekieran.

Era berean, kontseilariak honela adierazi du: “Reyno Gourmet zigiluari atxikitako enpresek saltzen dituzten produktuen kalitate ziurtatuarekiko konpromisoa ez ezik, berrikuntzarekiko eta lurraldearen eta tokiko ekonomiaren aldeko apustuarekiko konpromisoa ere erakusten dute”. Ildo horretan, Aierdik atxikitako enpresak zoriondu ditu, eta adierazi du “berri ona dela azken urteetan Reyno Gourmeten produktu-kopurua gehitu izana, eta azken kontsumitzaileek hori baloratzen dutela eta ondo egindako lana aitortzen dakitela”.

Aurten, elkarlanaren indarra eta Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektoreko eragileen artean sortzen diren sinergiak azpimarratu nahi izan dira jardunaldiaren bidez, aukera berri gisa. Horrela, jardunaldian zehar, Reyno Gourmeten talde teknikoak, markak izan berri duen bilakaerari buruzko ikuspegi zehatza eman du.  Azken urteetan, ziurtatutako erreferentzien kopurua etengabe hazi da, 2022an 2.546 produktu baitziren eta 2025ean 2.746. Era horretan, katalogo gero eta zabalagoa eta anitzagoa finkatu da. Reyno Gourmeten barruko enpresen kopuruari dagokionean, enpresa-ehunaren egonkortasuna ere azpimarratu dute, 2022an 109 enpresa izatetik egun 115 izatera iritsi baitira, eta horrek sektorearen sendotasuna eta konpromisoa berresten ditu.

Produktu berriak

Reyno Gourmeten entseinan sartu diren kalitatezko azken figuren aretan, Nafarroako Txistorra, Milagroko Gerezia eta Nafarroako Intxaurra nabarmentzen dira, kalitatezko elikagaien marka tradizionalei gehituta. Guztira, Reyno Gourmetek Nafarroako kalitatezko 13 figura ditu gaur egun: Nafarroako Olioa, Tuterako Orburua, Nafarroako Zainzuria, Lodosako Pikillo Piperra, Idiazabal Gazta, Erronkari Gazta, Nafarroako Arkumea, Nafarroako Aratxea, Nafarroako Ardoak JD eta Errioxako Ardoak JD, Nafarroako Patxarana eta Nafarroako Txistorra. Halaber, Ekoizpen Ekologikoa, Artisau-elikagaiak, Ekoizpen Integratua eta Nafarroako Intxaurra eta Milagroko Gerezia marka kolektiboak biltzen ditu.

Reyno Gourmet berme-marka bat da, Intia sozietate publikoak sustatu eta kudeatua. Kalitate-ziurtagiria duten nekazaritzako elikagaiak identifikatu eta babesten ditu, eta, ezaugarri espezifikoak medio, Foru Komunitatean bereiz daitezkeen beste batzuk ere bai. Beraz, marka funtsezko tresna da produktu horiek merkatuan ezartzen eta identifikatzen lagunduko duen irudi komun bat sustatzeko eta proiektatzeko.

Ostegun honetako ekitaldian parte hartu duten enpresak (Reyno Gourmetekoak) ‘Marketin digitalaren gakoak nekazaritzako elikagaien markak bultzatzeko’ hitzaldian izan dira ondoren. Hain zuzen ere, Mikel Markuletak eman du, estrategia digitalean aditua denak, eta gaur egungo komunikazio-joerak, online presentzia hobetzeko  tresnak eta kontsumitzaile gero eta digitalizatuagoa erakartzeko gomendio praktikoak partekatu ditu.

Lankidetza, funtsezkoa jardunaldian

Ekitaldiaren helburua, ikaskuntzak partekatzeaz gain, enpresa-ehuna indartzea eta hazkunde iraunkorreko testuinguruan lankidetzarako aukera berriak aztertzea izan da. Hori dela-eta, goizeko unerik nabarmenetako bat honako mahai-ingurua izan da, berrikuntzarako motor gisa elkarren arteko lanak duen indarrari erreparatuta: ‘Kolaborazionismoa: adibideak, bide berriak eta aukerak’.

Bertan, Anautek eta Ultzama Postreak enpresek polboroizko izozki bat sortzeko lankidetza nola sortu zen azaldu dute, Nafarroako enpresen arteko sormen eta sinergiaren adibide. Bestalde, El Navarrico Kontserbak eta Ochoa Upategiak ‘Ardoak eta Kontserbak’ proiektuaren inguruko esperientzia partekatu dute; hau da, Nafarroako kontserba- eta mahastizaintza-tradizioa batzen dituen uztartze-formatua, proposamen gastronomiko bereiziak eskaintze aldera. Beatriz Lopez ‘La Reyna de Copas’ ekintzaile, sommelier eta eduki-sortzaileak ere tokiko markak audientzia digitalekin eta lankidetzako komunikazio-proiektuekin konektatzeko moduari buruzko ikuspegia eman du.

2026ko Enpresa Jardunaldiak berretsi egin du Reyno Gourmetek  eta INTIAk Nafarroako nekazaritzako elikagaien sektorearen profesionalizazioarekin, lankidetzarekin eta sustapenarekin duten konpromisoa; izan ere, kalitatearen, sormenaren eta elkarren arteko lanaren aldeko apustua egiten duen ekosistema bultzatzen du, eta horiek funtsezkoak dira etorkizuneko erronkei aurre egiteko.