Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin elkarlanean, Goierri eskualdeko (Gipuzkoa) herri bateko bitxi-denda batean ustez lapurreta egin zuten bi gazte atxilotu ditu. Atxilotuek 3.000 euro inguruko balioa zuten hainbat bitxi hartu zituzten.
Atzo, ostirala, goizeko hamaikak aldera, gazte bat Goierriko bitxi-denda batean sartu zen, gizonezkoentzako urrezko kate lodirik ba al zuten galdezka, eta halako bitxirik ez zutela esan ziotenean, lokaletik irten zen.
Handik minutu batzuetara, pertsona horrek berak, burua txano batekin estalita, establezimenduko atea ireki zuen, eta aurpegia eta burua estalita zituen gizon bati pasatzen utzi zion. Bigarren pertsona hori mostradorera sartu zen eta saltzaileari bultza egin zion, eta senarra agertu zenean, alde egiteko esan zion. Ezezagunak hainbat tiradera ireki zituen eta belarritako pare batzuk, eskumuturreko sorta bat, eraztun bat eta lepoko bat hartu zituen. Bitxi guztien balioa 3000 euro ingurukoa zen.
Handik pixka batera, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak agertu ziren lokalera, eta segurtasun-kameretako irudiak begiratu eta ikerketa batzuk egin ondoren, lapurretaren ustezko egileak identifikatu ahal izan zituzten.
Susmagarriak herrian bertan aurkitu zituzten arratsaldeko lehenengo orduan, eta atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zituzten.
Atxilotuek, espainiar nazionalitateko 21 eta 34 urtekoek, aurrekariak dituzte ondarearen aurkako delituengatik. Biak gaur goizean jarri dituzte agintari judizialaren eskuetan.