Ertzainek bost gizon atxilotu dituzte Oñatin indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Atxilotuek enpresa bateko perimetroko hesia behartu zuten eta instalazioetatik hainbat material lapurtu zuten.
Atzo, larunbata, eguerdian, Oñatiko enpresa batera polizia agertzeko eskatu zuten, hainbat pertsona bertako instalazioetatik materiala lapurtzen ari zirela esanez.
Abisuari erantzunez bertaratu ziren patruilek ibilgailu bat ikusi zuten lantegitik urruntzen. Agenteek autoa geldiarazi eta bost bidaiariak identifikatu zituzten, guztiak gizonak eta espainiar nazionalitatekoak. Auto barruan metalezko hainbat pieza eta altzairu herdoilgaitzezko objektu batzuk aurkitu zituzten, bai eta lapurretak egiteko erabiltzeko moduko erremintaren bat edo beste ere. Ebidentzia horren aurrean, susmagarriak atxilotu egin zituzten indarrez lapurreta egitea leporatuta.
Gero, enpresako segurtasun-kameretako irudien bidez, ikusi ahal izan zuten pertsona horiek perimetroko hesia hautsi zutela eta autoan aurkitu zuten materiala lapurtzera sartu zirela barrura.
Atxilotuak 19 urtetik 48 urtera bitartekoak dira, polizia-aurrekari ugari dituztenak batez ere ondarearen aurkako delituengatik, eta dagozkion polizia-eginbideak amaitu ondoren jarriko dituzte epailearen eskuetan.