Eusko Jaurlaritzak aldebikotasuna eta Euskadiko hezkuntza-sistemaren antolamenduari eragiten dioten Estatuaren ekimenetan parte hartzea eskatu du.
Hezkuntzako sailburu Begoña Pedrosak Eusko Jaurlaritzak Hezkuntzako Konferentzia Sektorialean duen posizioaren berri eman du. Konferentzia horretan, 4/2019 Legea (irakaskuntzan jarduteko baldintzak hobetzekoa) aldatzen duen eta hezkuntza-sistema hobetzeko beste neurri batzuk hartzen dituen Lege-aurreproiektuari buruzko txostena aurkeztu da.
Eguerdian egindako bileran, sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritza ez dagoela ados Estatuko Gobernuak arau hori egiteko jarraitutako prozedurarekin, baina onartu du Errege Dekretuak Euskadiko hezkuntza-sistemak ere partekatzen dituen helburuak dituela, eta helburu horietan araudi eta politika propioekin lan egiten ari dela.
Aurreproiektuak ratioak pixkanaka murriztea planteatzen du, irakasleen irakastorduei legezko muga bat ezartzen die eta hezkuntza-sistema osorako irizpide komunak ezartzen ditu.
Hezkuntza Sailak adierazi du testuan jasotako neurri batzuk dagoeneko aplikatzen direla Euskadiko hezkuntza-sisteman. Horien artean daude sare publikoko irakastorduak arautzea, hezkuntza-konplexutasun handieneko ikastetxeetan ratioak murriztea edo hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen arretarako baliabide gehigarriak ematea.
Euskadirentzat lehentasunezkoa da ekitatean eta inklusioan zentratutako hezkuntza-sistema bat finkatzea, bai eta emaitzak eta ikasleen ongizatea hobetzea ere. Esparru horretan, defendatu du Euskadiko hezkuntza-sistemaren antolamenduari eragiten dioten Estatuko ekimenak bi aldeetara lantzea, Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzearekin, lurralde bakoitzean lehendik dauden esperientziak aitortuz, bereziki aurrekontu-eragina dutenean eta kudeaketa, plangintza eta finantzaketa egokia behar dutenean.
Era berean, Euskadin garatzen diren araudiak eta politikak errespetatzeko eskatu du sailburuak.