- Ikuskapena martxoaren 9tik 15era bitartean burutuko da
- Segurtasun-uhala edo haurrak eusteko sistemak erabiltzen ez badira, 200 euroko isunak jar daitezke eta gidabaimeneko 4 puntu ken daitezke
Martxoaren 9tik 15era bitartean, Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, auto-gidariek eta bidaiariek segurtasun-uhala erabiltzen duten eta haurrak eusteko sistemak (HES) erabiltzen diren zaintzeko kanpaina burutuko du.
Kanpaina hau trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko aurtengo urterako programatu diren 33 kanpainen egutegiaren barruan egingo da. Iaz, trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko kanpainen barruan, Ertzaintzak 265 kontrol egin zituen segurtasun-uhalaren eta haurrak eusteko sistemak behar den bezala erabiltzen direla ziurtatzeko. Kontrol horietan 1.128 ibilgailu zaindu ziren eta 22 salaketa bideratu ziren segurtasun-uhala ez eramateagatik edo haurrak eusteko sistema egokiak ez erabiltzeagatik.
Segurtasun-uhala lotu gabe eta haurrak eusteko sistema egokiak erabili gabe bidaiatzea arau-hauste larriak dira, eta arau-hauste horrengatik 200 euroko isunak jar daitezke eta gidabaimeneko 4 puntu ken daitezke gidariaren kasuan.
Segurtasun-uhala funtsezko segurtasun-sistema pasiboa da, eta eserleku guztietan erabili behar da eta behar bezala lotuta eraman behar da. Ezin da uhalaren funtzionamendua aldatuko edo blokeatuko duen pintzarik edo sistemarik erabili. Gidariak uhala aska dezake aparkatzeko edo atzera-martxa egiteko, eta ez du lotu beharrik uhala erabiltzetik salbuesten duen mediku-ziurtagiri bat edo desgaitasun bat badu. Horrez gainera, uhala lotu gabe gidatu dezakete, herri barruan zirkulatzen ari direnean bakarrik, hainbat sektoretako profesionalek: taxilariek, salgaien banatzaileek (distantzia laburreko zamalanetan), larrialdi-zerbitzuetakoek eta autoeskoletakoek (eskola praktikoak ematen ari direnean).
Bestalde, adingabeek beti atzeko eserlekuetan bidaiatuko dute behar bezala homologatutako haurrak eusteko sistemak erabiliz. Salbuespenak izango dira ibilgailuak atzeko eserlekurik ez izatea edo eserleku horiek baldintza berberetan joan behar duten beste adingabe batzuek okupatuta egotea edo eserleku horietan haurrak eusteko sistema guztiak instalatzerik ez izatea. Egoera horietan, salbuespenez, aurreko eserlekuan joan ahal izango dira, eta beti euren pisura eta altuerara egokitutako sistemen bidez eutsita.