- Kalkuluen arabera, 1.365 kilometroko auto-ilarak saihestu dira, garabien esku-hartzeari esker
- Gipuzkoan, joan den abenduan jarri zen martxan zerbitzu hau; Bizkaian, hamabosgarren urtea bete du
Eusko Jaurlaritzaren garabi arinen laguntza-zerbitzuak, istripua izan duten edo matxuratu diren ibilgailuak premiaz kentzeko eskaintzen denak, 542 gertakaritan esku hartu du 2025ean. Horietatik 524 Bizkaian erregistratu ziren; gainerako 18ak, berriz, Gipuzkoan. Bizkaian hamabost urte darama indarrean zerbitzu honek eta Gipuzkoan abenduan hasi zen funtzionatzen.
Bizkaian, zerbitzuak A-8 autobidean eta Bilboko metropoli-inguruneko sarbideetan jarduten du, eta 524 gorabehera kudeatu ditu joan den ekitaldian: 177 istripu eta 347 matxura. Kasu horietako 210ean, gidariek ezin izan zuten ibilgailua bazterbideraino eraman, eta, ondorioz, erreskate-garabiek zuzenean esku hartu behar izan zuten.
Gipuzkoan, zerbitzua martxan egon zen lehen hilabetean, 2025eko abenduan, garabiek 18 erreskate egin zituzten guztira. Esku-hartze horietatik 16 trafiko-istripuekin lotuta egon ziren, hau da, guztizkoaren % 88,8; kopuru hori Bizkaian istripuengatik egindako mobilizazioen ehunekoa baino askoz handiagoa da.
Era horretako gorabehera batek batez beste 6,5 kilometro inguruko ilarak sortzen ditu, zirkulazio-baldintza normaletan. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak sustatutako zerbitzuak 1.365 bat kilometroko ilarak saihestu dituela kalkulatzen da.
Sei garabi
Bizkaian, zerbitzua osatzen duten hiru garabiak A-8 autobidean daude, 110. kilometroaren (Basauri) eta 139. kilometroaren (Kantabriarekiko lurralde-muga) artean, A-8 autobidearen tarte horretan eta bertan dauden sarbideetan istripua izan duten autoak erreskatatzeko lanak egiteko, zirkulazioaren bi noranzkoetan.
Gipuzkoan, lurralde horretako hiru garabiek Donostialdeko metropoli-ingurunea zaintzen dute, eta, horrela, egunero intentsitate handiko trafiko-fluxuak jasaten dituzten hiru gune estrategiko hauek estaltzen dira: GI-636, Donostia eta Iparraldeko Muga artean; GI-20, GI-40, GI-41 eta A-15, Hernani eta AP-8 arteko lotunea; eta, azkenik, N-1, Tolosa eta Lasarte artean, GI-11 eta A-15, Andoain eta Hernani artean.
Trafiko Zuzendaritzak Ertzaintzarekin adostuta aurrez zehaztutakoak dira garabien kokalekuak: puntu estrategikoak dira, eta bi noranzkoetan bide-zati zabalak hartzen dituzte. Erreskate-garabi batek Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik (CGTE-ETKZ) mobilizazio-abisua jasotzen duenetik zerbitzua behar den puntu zehatzera iritsi arte igarotzen den batez besteko denbora 12 minutu ingurukoa da.
Zerbitzu horren ohiko ordutegia goizez 7:30etik 9:30era eta arratsaldez 17:30etik 19:30era izaten da, astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, ordutegi hori malgua da eta urte-sasoiaren arabera alda daiteke, istripuen datu estatistikoen arabera. Istripua izan duten ibilgailuak leku seguru batera eramaten dira, gorabehera artatu duen Ertzaintzaren patruilak erabakitako lekura. Hori egitea ezinezkoa bada, zerbitzua esleituta duen enpresaren instalazioetara eramaten dira, eta gero bertara joaten da ibilgailuaren laguntza-zerbitzu partikularreko garabia.