Martxoaren 5ean eta 6an Bilbon egindako jardunaldietan, Mikel Torres Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburu eta lehendakariorde bigarrenak inauguratutakoak, laneko arriskuen prebentziorako sistemaren hiru hamarkada aztertu dira, arrisku psikosozialetan arreta berezia jarriz.
Bi jardunaldi hauetan, programazioa honela egituratu da: hitzaldi markoak, esperientzia profesional eta judizialen panelak eta eztabaidarako eta kontrasterako guneak. Horietan, lan-arriskuen tratamendu arauemaile eta praktikoaz, arrisku psikosozialen aurreko erantzun judizialaz, ikuskaritzaren eta prebentzio-zerbitzuen eginkizunaz, eta erakundeetan dauden protokoloen «labirintoaz» eta hori sinplifikatzeko bide posibleez hitz egin da.
Lourdes Íscar, Osalaneko zuzendari nagusia, «Esperientzia profesionalen panela: Balantzea eta etorkizuneko perspektibak» mahaiaren moderatzaile gisa aritu zen. Hausnarketarako gune honetan, prebentzioaren arloan lortutako aurrerapenak eta oraindik jorratzeke dauden erronkak aztertu ziren. Saioan zehar, Yolanda Aguayo Osalaneko psikosoziologia taldeko teknikariak ikuspegi profesionala eman zuen arriskuen prebentziorako sistematik, dimentsio psikosoziala prebentzio-estrategietan txertatzearen garrantzia azpimarratuz.
Topaketa eremu profesional desberdinen artean azterketa partekatua egiteko eta esperientziak trukatzeko gune gisa sortu da, eta prebentzio-sistemaren aurrerapenetan eta erronketan sakontzeko aukera eman du, hiru hamarkadako ibilbidearen ondoren. Lan eta Gizarte Segurantzako zuzendari María Victoria Portugalek itxi ditu jardunaldiak, lan-arriskuen egungo kudeaketari buruzko eztabaidan egin duten ekarpenagatik nabarmendu direnak, bereziki izaera psikosozialekoengatik.