Goizaldean Ertzaintzak 40 urteko gizon bat atxilotu du Irunen bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik. Bide-zati batean kontrako noranzkoan gidatzen atzeman dute, eta atzetik segi ondoren geldiarazi ahal izan dute eta ustez alkoholdun edarien eraginpean zegoela egiaztatu dute.
Gaur, asteazkena, goizaldeko bostak baino lehentxeago, Irungo Ertzain-etxeko herritarren babeseko dotazio batek auto bat detektatu du N-121-A errepidearen ondoan dagoen aparkaleku batetik irten eta kontrako noranzkoan zirkulatzen. Polizia-patruilak soinu- eta argi-seinaleak egin dizkio gidariari autoa geldi zezan, baina honek ez die jaramonik egin emandako aginduei eta, une horretan, mugarantz ihes egin du.
Patruila susmagarriaren atzetik abiatu da. Gidariak une oro abiadura handian zirkulatu du, eta, azkenean, autoa bat-batean, eta polizia-autoarekin talka egiteko zentimetro gutxira, gelditu duenean atzeman dute.
Agenteek egiaztatu dute gidariak, 40 urtekoak eta europar jatorrikoak, alkoholdun edarien eraginpean egotearen sintoma argiak zituela, eta nahitaezko alkoholemia-probetan baimendutako tasa bikoiztu du.
Egoera horren aurrean, bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik atxilotu dute. Jarraian, atxilotua polizia-egoitzara eraman dute dagozkion izapideak egiteko epailearen eskuetan jarri aurretik.