Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak Nafarroako Etxebizitzaren Behatoki berria aurkeztu du gaur goizean. Tresna hori datu ofizialen, azterlanen eta aldizkako txostenen bidez sektorearen egoera aztertzeko diseinatu da, eta, horri esker, Foru Komunitateko etxebizitzaren merkatuaren ezagutza hobetuko da, eta, aldi berean, politika publikoen kudeaketa hobea bermatuko da.
Web gune berria gaur goizean aurkeztu dute aurkezpen ofizial batean, eta bertan izan dira Begoña Alfaro, hirugarren lehendakariordea eta Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako kontseilaria; Elga Molina, Etxebizitzako zuzendari nagusia; eta Mattias Bergman, Berrikuntza eta Ikuskaritza Ataleko burua.
Nafarroako Etxebizitza Behatokia Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak herritarren, higiezinen sektorearen eta, oro har, etxebizitzaren merkatuaren bilakaeraren eta administrazioaren beraren jardueren jarraipena egin nahi duten pertsona eta erakunde guztien eskura jarri duen zerbitzua da.
Tresna berria etxebizitza-merkatuaren inguruko erreferentzia-leku izan nahi da, informazio eguneratua, zorrotza eta kalitatezkoa emateko, politika publikoak diseinatzerakoan eta abian jartzean etengabeko hobekuntza errazteko, Nafarroan bizi diren pertsona guztiei etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera ematearren.
Alfaro lehendakariordeak nabarmendutako moduan, “datu ofizialak, eta, beraz, fidagarriak izatea ez da gauza txiki bat etxebizitza-arloan, sektorean interesa duten operadore pribatuek eman baitituzte merkatuari buruzko datuak, eta, jakina, interes ekonomiko zehatz batzuetara bideratuta egon dira”.
Era berean, honela gehitu du: “Bi urte daramatzagu borroka honetan, eta datu interesatuen kontra atera behar dugu behin eta berriz, erregistro publikoetan oinarritutako datu ofizialen aurrean”. Ildo horretan, Behatokiarekin “ahalik eta gardentasun handiena emango diogu gure komunitateko etxebizitza-merkatuarekin lotutako estatistika guztiari”.
Behatokiaren web gunean sektorearen adierazle nagusiei buruzko informazio zehatza aurkituko dugu; besteak beste, hasitako eta amaitutako etxebizitzak, etxebizitza babestuaren eskatzaileen errolda, merkaturatzeak eta hipoteka-betearazpenak. Halaber, alokairu-merkatuaren gaineko estatistikak jasotzen dira; hala nola, Merkatu Tentsionatuko Eremuari buruzko datuak, etxebizitza babestuaren eta librearen alokairura eta administrazioak emandako laguntzak. Orobat, etxebizitzak birgaitzearekin eta salerostearekin lotutako informazioa biltzen da; tartean, Etxebizitzen Prezioen Indizea, hipoteka-ahalegin ekonomikoa edo etxebizitza babestuen bisatuak.
Informazio kuantitatiboaz gain, Behatokiak Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde espezializatu batzuek egindako ikerketak eta planak jasotzen ditu. Gainera, atariak txostenak aldizka argitaratu nahi ditu, joerak ebaluatu eta erabakiak hartzen lagundu ahal izateko. Modu horretan, Merkatu Tentsionatuko Eremuaren bilakaeraren, hasitako eta amaitutako etxebizitzen, birgaitze babestuaren, etxebizitza babestuen salmentaren eta etxebizitza eskuratzeko eskubide subjektiboaren inguruko txostenak argitaratuko dira hiru hilean behin (David eta Emanzipa programak).
Ekimen honen bidez, Etxebizitza Zuzendaritza Nagusiak gardentasunarekiko, informazioa eskuratzearekiko eta datuetan oinarritutako kudeaketarekiko konpromisoa indartuko du, tresna erabilgarri bat jarriaz herritarren, profesionalen eta arduradun publikoen eskura, etxebizitzaren merkatuaren errealitatea ulertzeko eta politika eraginkorrak diseinatzen laguntzeko asmoarekin.
Ertzaintzak, Oñatiko Udaltzaingoaren laguntzarekin, 51 urteko gizon bat atxilotu du, joan den ostiralean udalerri horretan…
Ertzainek 22 urteko gizon bat atxilotu dute lesio-delitua leporatuta, antza denez labana batekin eraso egin…
Maria Chivite Navascués Nafarroako Lehendakariak 2026ko Gazteriaren Sarien banaketan parte hartu du asteazken honetan, eta…
Lurralde Kohesiorako Departamentuak, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, jada argitaratu ditu Nafarroako toki-erakundeetako…
La vicepresidenta segunda y consejera de Memoria y Convivencia, Acción Exterior y Euskera, Ana Ollo,…
Hezkuntza Departamentuak gaur argitaratu du Castejongo DBHI handitzeko proiektua idazteko eta obrak zuzentzeko lizitazioa, gehienez…