Zale batek jarritako salaketaren bidez, Ertzaintzak eginbideak hasi ditu Realak eta Atletico Madrilek jokatuko duten Errege Kopako finalerako sarrera faltsuen salmentarekin lotutako ustezko iruzur-delitu batengatik.
Ertzaintzak herritarrak ohartarazi nahi ditu apirilaren 18an Sevillan jokatuko den Realaren eta Atletico Madrilen arteko Errege Kopako finalerako sarrerak erosteko aukeraren aurrean; izan ere, zale batek jarritako salaketa baten ondorioz sarrera faltsuak daudela egiaztatu da.
Kasu horretan, salaketan azaltzen denez, salerosketako webgune bateko iragarki baten bidez, final horretarako sarrera batzuk eskaintzen ziren diru-kopuru baten truke. Salatzaileak zenbateko hori transferitu zuen, eta sarrera faltsu batzuk, dagokien QR koderik ez zutenak, bidali zizkioten. Saltzaileari xehetasun hori erreklamatu zionean, ez zuen beste erantzunik jaso. Hori dela eta, Ertzaintzak eginbideak ireki ditu ustezko iruzur-delitu batengatik.
Ertzaintzak gomendatzen du sarrerak bide ofizialetatik bakarrik erostea, iruzur-mota horiek saihesteko, eta, zalantzaren bat izanez gero, Realarekin edo Espainiako Futbol Federazioarekin harremanetan jartzea.