Ertzaintzak 177 jarduera zenbatu ditu gaurko deitutako greba orokorrarekin lotuta. Aldez aurretik jakinarazitako ekitaldiak normaltasunez egin dira. Erregistratutako intzidenteek zerikusia dute, batez ere, pikete-ekintzekin eta jakinarazi gabeko ekintzekin. Pikete-ekintzen eragin nagusiak industrialdeetan, merkataritza-guneetan eta hiriburuetako sarreretan izan dira. Egun osoan zehar, istilu batzuk izan dira, eta Ertzaintzak esku hartu behar izan du, langileen eta herritarren segurtasuna eta eskubideak bermatzeko.
Istilu horietan, hiru pertsona atxilotu dituzte, espainiar nazionalitateko 26, 41 eta 42 urteko gizonezkoak, eta beste bost ikertu, desordena publikoa eta atentatua egotzita. Beste ehun eta hirurogeita bost pertsona identifikatu dituzte, momentuz, hiru Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen aurka zigortzeko proposatu dituzte eta lau pertsona zauritu dira, horietako bi Ertzaintzako agenteak.
Greba-eguna goizaldean hasi da, eta piketeek hainbat errepide, trenbide eta lantokietarako sarbide itxi dituzte.
Bizkaian, Larrabetzun izan dira istilu aipagarrienak. Bertan, pertsona bat zigortzeko proposatu dute, Sarrikola industrialdetik langileak irtetea eragozteagatik. Bilbon, pertsona bat atxilotu dute eta beste bat desordena publikoagatik ikertu dute, Maria Diaz de Haro kalean edukiontziak gurutzatu ostean. Halaber, hiru pertsona identifikatu dituzte, Abandoko tranbiaren geltokiko makinak kolpatu eta instalazioetara hesi bat jaurti ostean. Handik gutxira, gizon bat atxilotu zuten Bilboko erdigunean egindako manifestazio batean, polizia-ibilgailu bati pintura bota eta bi agenteri eraso egin eta zauritu ostean. Atxilotuari desordena publikoak eta atentatua leporatu dizkiote. Durangon, piketeak osasun-zentro batean sartu dira eta beira-arasa bat apurtu eta langile bat kolpatu dute. Plentzian, komunikatu gabeko manifestazio bateko parte-hartzaileek lau ibilgailurekin itxi dute Erribera kalea, eta hiru pertsona identifikatu dituzte. Gertakarian, ibilgailuetako bat agente baten oinaren gainetik igaro da, gelditzeko agindua eman dionean.
Gipuzkoari dagokionez, N-634 errepidea Deban errepidea moztu dute, Itziarko gainaren inguruan, eta trenbideko zirkulazioa eten Lasarte-Orian, trenbidean pneumatikoak jarri ostean. Andoainen, pikete batek N-1 errepidea itxi du eta 7 km-rainoko auto-ilarak sortu dira. Bertan bildutakoak desegin egin behar izan dituzte, jarduketan zeuden ertzainen aurka petardoak jaurti ondoren. Hernanin pertsona bat ikertu dute desordena publikoak egotzita, GI-2132 errepidea itxi ostean. Ondoren, Donostian, hirigunetik egindako manifestazio batean bota dituzten petardoek zauriak eragin dizkio belarri batean pertsona bati. Errenterian, Ertzaintzako agenteek beste pertsona bat atxilotu dute agenteen aurkako atentatuagatik, pikete batek hainbat fatxada eta merkataritza-establezimendutan pintadak egin ostean.
Azkenik, Araban, katenariaren kontrapisuak moztu dituzte Amurrion, trenbideen trafikoari eraginez, eta Laudion, pertsona talde bat hipermerkatu batean sartu da, eta Ertzaintzak horietako hiru ikertu ditu, desordena publikoak eragitea egotzita.