Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo arratsaldeko lehen orduan Zornotzan, lonja bateko jabeei heriotza-mehatxuak egiteagatik. Lonja horretan, bihurkin bat eta aizkora bat lapurtzen harrapatu zuten, eta biktimetako bati besoan zauri bat egin zion.
Atzo, asteazkena, eguerdiko ordu bata inguruan, Zornotzako lonja batera joateko eskatu zioten Ertzaintzari; izan ere, jabeek adierazi zutenez, pertsiana igota zegoela ikusi zuten une bat lehenago, eta, aldi berean, gizon bat tresnak ateratzen eta ibilgailu batean sartzen ari zela ikusi zuten. Egoera horren aurrean, ustezko lapurrari bere ekintza aurpegiratzeko hurbildu ziren, eta une horretan, lapurra haien aurkako heriotza-mehatxuak egiten hasi zen. Bitartean, bihurkin bat eta aizkora bat erabili zituen, salatzaileetako bati besoan zauria egiteko.
Inguruan zaintza-lanak egiten ari zen herritarren babeserako patruila bat berehala bertaratu zen, gertatutakoa baieztatzeko eta susmagarria identifikatzeko. 45 urteko gizonezko espainiarra da, eta polizia-aurrekari ugari ditu. Egiaztatu ahal izan zutenez, sarraila bortxatuz lortu zuen lonjara sartzea, eta litekeena da aurretik bertan izandako beste lapurreta batzuetan nahastuta egotea. Hori dela eta, beharrezko egiaztapenak egin ondoren, atxilotu egin zuten.
Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten, beharrezko izapideak egiteko, eta, ondoren, epailearen aurrera eraman zuten.