- Sailburuak CAFen tranbia-kotxetegi bat bisitatuko du Budapesten
- Bidaia, Euskal Trenbide Sareak, Europako beste bost herrialderekin batera, bazkide nagusi gisa parte hartzen duen mugaz gaindiko Crosusmob proiektu europarraren parte da
Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburua Hungariara eta Eslovakiara joango da, mugaz gaindiko eskualdeen arteko garraio publikoaren elkarreragingarritasun-ereduak bertatik bertara ezagutzeko. Europa erdialdean dagoen bitartean, sailburuak Frantzia, Eslovenia, Hungaria, Alemania eta Herbehereetako mugako beste bost eskualderekin batera egingo den lan-jardunaldi batean hartuko du parte. Topaketa, mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria sustatzeko Crosusmob proiektu europarraren parte da. Bertan, Euskadik Euskal Trenbide Sarearen, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen erakunde publikoaren bidez hartzen du parte, bazkide nagusi gisa.
Lehenengo lan-saioan, Hungariako Garraio Ministeriotik herrialde anfitrioiaren eta mugakide dituen Errumania eta Eslovakia arteko garraio-zerbitzuen arloko legegintza- eta lankidetza-planak azalduko dituzte. Testuinguru horretan, MÁVek, distantzia luzeko eta eskualde mailako autobusen eta trenen Hungariako operadoreak, bidaiarien garraio publikoaren kudeaketaren eta eragiketaren zeregina azalduko du, arreta berezia jarriz mugaz gaindiko konexioen eta irisgarritasunaren hobekuntzan.
Foro horretan, Bidaiarien Garraio Zuzendaritzak pertsonen mugikortasunean izandako esperientziaz, mugaz gaindiko loturetan saihestu behar izan dituzten oztopoez eta etorkizuneko planez hitz egingo du. Azken hitzaldian, Lurralde Lankidetzako Europako Taldeak eta Mugaz Gaindiko Ekimenen Europako Erdialdeko Zerbitzuak mugaz gaindiko mugikortasuna eta eskualde-integrazioa indartzeko etorkizuneko lankidetzarako bideak aurkeztuko dituzte.
Ondoren, Nyugatiko geltokira joango dira, ordezkaritza guztiak Eslovakiako Štúrovo hirira eramango dituen trena hartzera. Itzulera Danubio ibaia zeharkatzen duen eta bi herrialdeen arteko muga den Maria Valeria zubian zehar egingo da.
Hurrengo jardunaldietan, Budapesten zirkulatzen ari diren tranbientzako CAFen kotxetegi modernoa bisitatuko da, baita automatikoa den hiriko metroaren 4. linea ere. Aurreikusita dagoen azken bisita Hungariako trafikoa kontrolatzeko zentroa edo distantzia luzeko zerbitzuak kontrolatzeko aginte-postua ezagutzeko izango da.