26_0225 Hiru atxilotu Gipuzkoan legearen aurkako atxiloketagatik eta indarra erabiliz lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak 23 urtetik 26 urtera bitarteko hiru gizon atxilotu zituen atzo Orion, Zestoan eta Zumaian, pertsona bat legez kontra atxikitzeagatik, jipoitzeagatik eta, jasandako lesioen ondorioz ospitalean zegoen bitartean, lapurreta egiteagatik.

Iazko apirilean gertatu zen. Hiru atxilotuek biktima atzeman zuten Zestoan, bere etxetik irteteko unean, eta, “mataleon” teknika erabiliz, furgoneta batean sartu zuten. Jipoitu ondoren, abandonatuta eta larri zaurituta utzi zuten Debako landa-bide batean.  Jasotako ukabilkadek eta ostikadek eragin zioten kommoziotik suspertu zenean, bizilagun bati laguntza eskatu zion, eta honek Ertzaintzara deitu zuen.  

Bertaratu ziren agenteek egiaztatu zuten biktimak kolpeak zituela aurpegian eta gorputzean, eta eskuak lotuta egon izanaren ageriko sintomak zituela. Anbulantzia bat eskatu ondoren, osasun-zerbitzuek zauritua ospitalera eraman zuten arreta jaso zezan.

Handik bi egunera, biktimak, ospitalean alta eman ziotenean, egiaztatu zuen erasoaren egunean telefono mugikorra  lapurtzeaz gain, bere etxea nahastuta zegoela eta bi erloju eta dirua falta zirela.

Biktimak salaketa jarri ondoren, Ertzaintzak zegozkion kudeaketak hasi zituen gertatutakoa argitzeko eta egileak identifikatzeko. Egindako ikerketari esker, jakin ahal izan zuten espainiar nazionalitateko 23 eta 24 urteko bi gazte eta latinoamerikar jatorriko 26 urteko hirugarren bat zeudela inplikatuta, eta atzo egunean zehar atxilotu zituzten Orion, Zestoan eta Zumaian. Guztiei legearen aurkako atxiloketa, lesioak eragitea eta jendea bizi den etxebizitzan indarrez lapurreta egitea leporatu dizkiete.

Atxilotu guztiek aurrekari biolentoak dituzte, eta polizia-eginbideak amaitutakoan jarriko dituzte epailearen eskuetan.