Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen fasean Barakaldok 3.100 proposamen jaso ditu auzoak hobetzen jarraitzeko

Aurrekontu Parte-hartzaileen lehen fasean Barakaldok 3.100 proposamen jaso ditu auzoak hobetzen jarraitzeko

Barakaldarrek auzoak hobetzeko 3.121 proposamen aurkeztu dituzte datozen bi urteetarako (2026-2027) martxan jarritako aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasean. 2021-2023 urteetan egindako azken prozesuarekin alderatuta herritarren parte-hartzea bikoiztu egin da. «Nabari da herritarrek parte hartzeko gogoa dutela, auzoak hobetzen jarraitzeko ideiak helaraztekoa, eta, gainera, konfiantza dutela prozesu honetan jakinez proposamenak ez direla galduko», adierazi du Gorka Zubiaurre Alkatetzako zinegotziak.

Udalak 2,2 milioi euro ditu bozketa-prozesuan zehar babes handiena jasotzen duten auzo-proposamenak gauzatzeko. Azken asteetan Barakaldoko bizilagunek parte hartzeko hainbat bide izan dituzte, bai aurrez aurrekoak, baita birtualak ere. Jasotako proposamenen artean, egoitza elektronikoaren bidez 973 jaso dira (www.barakaldo.eus eta Barakakdo APP), hau da, proposamen guztien %30a. Gainerakoak, 2.148 proposamen, prozesuaren lehen astean auzoetan zehar ibili diren karpetan jaso dira, baita auzoetan eta udal-instalazioetan banatutako postontzi eta hautestontzietan ere.

Auzoz auzoko proposamenak

Barakaldok aurrekontu parte-hartzaileen ereduaren aldeko apustua egin du berriro, auzo bakoitzaren ahotsa entzunez. Horretarako, inbertsiorako berariazko aurrekontu bat ezarri da Barakaldoko auzo bakoitzean, eta horrekin bermatzen da guztietan egiten direla hobekuntza-ekintzak. Proposamen gehien jaso dituen auzoa Gurutzeta izan da, 493 auzo-ideiarekin, ondoren Lasesarre-Desertu-Urban (425), Zuazo – Artegabeitia (372) eta erdialdea-Arrontegi (367). Auzo horien atzetik daude BeurkoBagatza 264 proposamenekin, San Bizente (240), Llano (229), Retuerto (190), Kutxana (185) Burtzeña (164), El Regato-Gorostiza (148) eta Kastrexana, 44 hobekuntza-ideiekin.

Azterketa teknikoa eta balorazioa

Behin bilketa-epea amaituta, enpresa espezializatu bat arduratuko da jasotako proposamenak aztertzeaz eta baloratzeaz, Obren Arloko lan teknikoa arintzeko eta bozketara igaroko diren proiektuek bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa izango dutela bermatzeko. «Harrituta eta oso hunkituta gaude herritarrek parte-hartze prozesuaren puntu honetan duten parte-hartze handiarekin. Orain, proposamen horietatik zenbat diren baliozkoak eta zenbatek ez dituzten aurrekontu partehartzaileen oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen aztertzen ari gara, eta behin betiko proposamen baliodunen zerrenda edukita, prozesuaren bigarren faseari ekingo diogu: auzo bakoitzak gustukoen dituen proposamenak bozkatzeari», amaitu du Zubiaurrek.