Euskadik Elikagaien Segurtasunaren arloko ikerketa-proiektu berrien emaitzak aurkeztu ditu, elikadura-ekosisteman arriskuak aurreikusteko

Euskadik Elikagaien Segurtasunaren arloko ikerketa-proiektu berrien emaitzak aurkeztu ditu, elikadura-ekosisteman arriskuak aurreikusteko
  • Elikadura-kateko eragileen, komunitate zientifikoaren eta euskal administrazioetako langile teknikoen parte-hartzea
  • 2025ean elikaduraren arloko erreferentziazko ikerketa-zentroek egindako proiektuak aurkeztu dira: EHU, NEIKER, Leartiker eta AZTI
  • Baserritik Mahaira 2022-2026 Euskal Ikerketa Planak 99 ikerketa-behar identifikatu ditu Elikagaien Segurtasunean, Elikadura Jasangarrian eta Elikadura Osasungarrian, eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailak horien %50 baino gehiago finantzatu du, 1,7 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin

Gaur goizean, Eusko Jaurlaritzak Gasteizen duen egoitzan, Ikerketaren Emaitzak Transferitzeko XIII. Jardunaldia egin da, Elika Fundazioak koordinatzen duen “Baserritik Mahaira Euskal Ikerketa Planaren” testuinguruan antolatutako topaketa. Jardunaldi honek berretsi egiten du Eusko Jaurlaritzak Euskadin garatutako ikerketa eta berrikuntzarekin duen konpromisoa, nekazaritza eta elikaduraren sektorean arriskuak kontrolatu eta aurreikusteko, eta merkatuan aplikatu daitezkeen irtenbideak eskaintzeko.

Elikaduraren arloan eguneroko lana egiten duten 75 pertsona bildu dira, hainbat gairen inguruan egindako ikerketa eta berrikuntzaren aurrerapenak entzuteko.

Jardunaldiaren hasieran Iker Iglesias, Elikadura Politikako eta Elikagaien Industrietako zuzendaria, eta Guillermo Herrero, Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria izan dira.

Iker Iglesiasek adierazi duenez, “Elikadura Politikako eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzak Elikagaien Segurtasunaren arloko ikerketa koordinatzeko eta elikagai jasangarrien ekoizpena eta kontsumoa sustatzeko ardura du”. Era berean, jardunaldi hauen balioa azpimarratu du, euskal elikadura-katean arriskuak txikiagotzeko neurri eta irtenbideei buruzko aurrerapenak eta ebidentzia zientifikoa ezagutaraztea baitute helburu. Gainera, Iglesiasek 2011ko lehen planetik hona ikerketako taldeen eta sektoreko enpresen arteko lankidetza hirukoiztea lortu dela nabarmendu du.

Indarrean dagoen Ikerketa Planaren azken txanpari begira, Ikerketa Koordinaziorako Mahaiaren barruan lanean hasiko dira 2027-2030 Ikerketa Plan berria prestatzeko. Plan hori PEGA 2030 eta PCTI 2030 estrategiekin lerrokatuko da, eta lehen aldiz gastronomia jarduera-eremu espezifiko gisa txertatuko da.

Guillermo Herrerok nabarmendu duenez, “klima-aldaketak, ekosistemen alterazioak eta gero eta konplexuagoak diren arriskuen agerpenak markatutako testuinguru honetan, elikagaien segurtasunak aurrea hartzea, ezagutza zientifikoa eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako erantzuteko gaitasuna eskatzen ditu. Agertoki horrek indartu egiten du Osasun Bakarra ikuspegi integral batetik lan egiteko beharra, gizakien osasunaren, animalien osasunaren, ingurumenaren eta elikadura-sistemen arteko lotura estua aitortzen duena. Elikagaien segurtasuna ikuspegi horren adibide argia da; izan ere, elikagaiei eragiten dieten arrisku biologiko, kimiko edo nutrizionalek zuzeneko eragina dute herritarren osasunean”.

Arantza Madariagak, ELIKA Fundazioko zuzendari nagusiak, itxi du jardunaldia, eta “elikaduraren arloko erreferentziazko lau ikerketa-zentroek (AZTI, NEIKER, LEARTIKER eta EHU) egiten duten lana, baita zentroen arteko lankidetzaren eta koordinazioaren garrantzia ere, bai eta elikadura-kateko eragileekin eta administrazioarekin duten elkarlanarena ere; administrazioak ezinbestekotzat jotzen baitu haiek ematen duten ezagutza, erabakiak hartzea errazteko eta erronkei erantzuteko” nabarmendu du.

Elikadura segurua, osasungarria eta jasangarria Euskadin

Elikagaien Segurtasunaren arloko lehen Ikerketa Plan Operatiboa duela 13 urte jarri zen abian, eta ordutik ikerketa eta berrikuntza indartu ditu, Euskadin elikadura seguruagoa, jasangarriagoa eta osasungarriagoa lortzeko, inplikatutako eragile guztien ezagutzari, lankidetzari eta ahaleginari esker.

Aurten amaituko da Baserritik Mahaira 2022-2026 Euskal Ikerketa Planaren hirugarren edizioa, elikadura-sistema jasangarriagoetarako trantsizioari begira diseinatua, betiere sistema horiek seguruak eta osasungarriak ere izan daitezen.

Emaitzen balantzea oso positiboa izan da:

Azken 5 urteotan, 99 ikerketa-behar identifikatu dira, eta 52 proiektu finantzatu dira, guztira 1,7 milioi eurotik gorako zenbatekoarekin. Gainera, proiektuen %74k euskal enpresen lankidetza izan dute, guztira 108 erakunde parte-hartzailerekin, eta proiektuen %89k euskal administrazioari lagundu diote nekazaritza eta elikaduraren arloko arriskuak kontrolatu eta murrizteko erabakiak hartzen.

Ikerketa-gaiak

Osasun Sailak Euskadin anisakiak duen arriskua aurkeztu du, eta azken urteotan izan duen bilakaeraren berri eman du.

EHUko eta NEIKEReko ikertzaileek mahastietan okratoxina ekoizten duten onddoen bilakaerari buruzko emaitzak aurkeztu dituzte, eta AZTIk, berriz, azaldu du Campylobacter-i aurre egiteko bakteriofagoen erabilerak nola egin duen aurrera.

EHUk eta ARTZAI GAZTAk elkarlanean aritu dira gaztagintzaren sektorean ontzi jasangarriagoetara aldatzeari buruzko ikerketa-proiektu batean, elikagaien ontziei buruzko Europako araudi berriari erantzuteko helburuarekin.

Era berean, LEARTIKERek eta Urruela SC Gaztandegiak gaztarako gaitasuna duen esnearen maneiuaren optimizazioari buruzko ikerketa-proiektu bat aurkeztu dute.

Informazio hori guztia kontsulta publikoan dago eskuragarri Elikagaien Segurtasunaren Ikerketa Plataforman, zeinak 700 bisita baino gehiago jaso baititu 2014an sortu zenetik.