26_0243 Bilbon bost gazte atxilotu dituzte hainbat ibilgailutatik erregaia lapurtzeagatik

Ertzaintzak bost gazte, horietako lau adingabeak, atxilotu zituen atzo gauean Bizkaiko hiriburuan, Abusu auzoko aparkaleku batean aparkatuta zeuden ibilgailuetatik erregaia lapurtzea leporatuta.

Lapurreta atzo, asteartea, gaueko hamar eta erdiak aldera, gertatu zen Bilboko Abusu auzoko Montefuerteko aparkalekuan. Herritarren laguntzari esker, Ertzaintzak jakin zuen hainbat gazte erregaia lapurtzen ari zirela aparkalekuan aparkatuta zeuden ibilgailu batzuetatik. Bertaratu ziren agenteek ibilgailu baten ondoan aurkitu zituzten susmagarriak. Ibilgailuaren maletategian bi bidoi eta tutu malguak zeuden, erregai-usain handia zutenak.

Era berean, ibilgailu barruan aire konprimatuko bi arma zeuden eta hirugarren arma bat kamioi baten azpian ezkutatuta aurkitu zuten. Ingurua miatu zutenean, egiaztatu zuten zortzi ibilgailutako erregai-deposituetako tapak kalteak zituztela, eta, gainera, horietako batzuek erregai-arrastoa zutela.  

Susmagarriei egindako prebentziozko miaketan, horietako bati erabilera anitzeko labana bat aurkitu zioten. Labanak punta zertxobait okertuta zuen, eta deposituen tapa irekitzea errazteko erabili ahal izan zuten.

Bost gazteetako lau adingabeak dira, 16 eta 17 urtekoak, eta bosgarrena 24 urteko gaztea da. Guztiak espainiar nazionalitatekoak dira, eta gauzetan indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu eta polizia-egoitzara eraman zituzten.

Beharrezko eginbideak amaitu ondoren, bostak deitu dituzte Adingabeen Fiskaltzak eta agintari judizial eskudunaren aurrean agertzeko.