26_0246 Larrialdi Zerbitzuek merkantzia arriskutsua zeraman kamioi baten sutea itzali dute

Euskadiko Larrialdi Zerbitzuen arteko koordinazioak eta su hartzen hasi den gai arriskutsuen kamioi baten gidariak azkar jardun izanak suak eragin zitzakeen kalteak geldiaraztea lortu dute.

Gaur goizean, 07:40an, pertsona baten deia jaso da SOS DEIAK 112 Larrialdiak Koordinatzeko Zentroan, N-1 errepidean, Idiazabal parean, zisterna-kamioi batek su hartu duela jakinarazteko. Kamioi horrek merkantzia arriskutsua zeraman, sodio kloratoa, hain zuzen ere.

Berehala, Ertzaintzako, Gipuzkoako Suhiltzaileetako eta Herri Lanetako Zerbitzuak mobilizatu dira, guztiak Eusko Jaurlaritzako esku hartzeko teknikari batek koordinatuta. Garraiolariaren jardun azkarrari esker (trakzio-burua askatzea lortu du) eta modu koordinatuan jardun duten larrialdi-zerbitzuak berehala iritsi direlako, zisternako pneumatikoetan zegoen sutea minutu gutxitan itzaltzea lortu da. Era berean, Ertzaintzaren patruilek trafikoa erregulatu dute, inguruan ibilgailurik pilatu ez dadin.

Interbentzioan zehar, sua itzaltzeko eta hozteko ur-lineak ezarri dira, eta, ondoren, berrignizio posibleen prebentziorako lerroak mantendu dira. Tona askoko garabien bidez zisterna altxatzeko eta beste ibilgailu batera transferitzeko maniobran zehar, ur-lineak ere aplikatu dira, modu prebentiboan, kateen eta elementu metalikoen marruskadura-puntuak hozteko, substantziaren izaera erregarria kontutan izanda marruskaduraz su hartzeko arriskua minimizatuz.

Lanak modu koordinatuan egin dituzte larrialdi-zerbitzuek, garraioaren ardura duen enpresak eta maniobraz arduratzen den enpresak, beti segurtasun-baldintzak bermatuta.

Interbentzioan zehar, errepidea prebentzioz itxi da, Donostiako noranzkoa barne. Lanak amaituta, eguerdiko hamabi eta erdiak inguruan, errepidea zabalik geratu da bi noranzkoetan.