Ertzaintzak 22 urteko gazte bat atxilotu du gaur goizaldean, bide-segurtasunaren aurkako delitu bana eta agintaritzaren agentearen aurkako atentatua egotzita. Inplikatuak ausarkeriaz gidatu du Arabako hiriburuko hainbat kale eta errepidetan, eta arrisku larrian jarri ditu oinezkoak eta beste ibilgailu gidari batzuk, semaforoak gainditu, gehiegizko abiaduran zirkulatu eta autoaren argiakitzali ondoren. Azkenean, polizia-ibilgailu baten aurka talka egitean geldiarazi dute.
Gaur, igandea, goizaldeko ordu bata laurden gutxi aldera, Juan de Garay kalean zebilen herritarren babeserako patruila batek neumatiko hots handi bat entzun du, eta bi ibilgailuk Latinoamerikako biribilgunea abiadura handian zeharkatzen ikusi dute, Euskal Herriko Boulevarderako bidean.
Ertzainek argi- eta soinu-sistemak aktibatu zituzten, eta haien atzetik joan ziren. Semaforo gorri batean gelditu ziren, Donostia kalearekiko bidegurutzearen parean. Gidarietako bat, ertzainak ikusi zituenean, semaforotik irten, noranzkoa aldatu eta Forondako Atea kaletik atera zen. Ibilbide horretan, abiadura handian ibili zen, eta Batzar Nagusiekiko bidegurutzean beste semaforo gorri bat gainditu zuen. Han geldirik zeuden autoen artean sigi-saga ibili zen, eta galtzada zebra-bidetik behar bezala gurutzatzen ari zirela bi oinezko aldentzera behartu zituen, harrapatuak izan ez zitezen, haien bizitza arrisku larrian jarriz.
Ihesean, gidariak N-622 eta N-624 errepideetatik jarraitu zuen Foronda aldera. Une oro, ausarkeriaz, errei-aldaketa etengabeak eta bat-bateko balaztatzeak eginez, eta ibilgailuaren argiak itzaltzera ere iritsiz, horrela, beste bide-erabiltzaile batzuekin eta polizia-patruilarekin istripua izateko arriskua areagotuz. Izan ere, patruilak larrialdiko hainbat balaztada egin behar izan zituen, eraso ez ziezaioten.
Jazarpenak N-622 errepidetik jarraitu zuen Arabako hiribururantz eta A-1 errepidetik Burgoserako noranzkoan. Mendozako irteera hartu zuen A-3302 errepiderantz, eta, azkenean, Ertzaintzaren beste patruila bat jo zuen. Inplikatuak erresistentzia handia eskaini zuen, eta poliziekin borrokan hasi zen atxilotu aurretik, agintaritzaren agentearen aurkako eta bide-segurtasunaren aurkako bi delitu egotzita.
Bi ertzainek eta atxilotuak osasun-laguntza behar izan zuten lesio arinengatik.
Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotua, 22 urtekoa eta nazionalitate espainiarrekoa, epailearen esku utziko dute.