Euskadik % 1,05 murriztu du langabezia martxoan iazko datuekin alderatuta, eta enpleguaren sorrerak dinamismo handiagoa du 60.000 kontratu baino gehiago sinatuta

Euskadik % 1,05 murriztu du langabezia martxoan iazko datuekin alderatuta, eta enpleguaren sorrerak dinamismo handiagoa du 60.000 kontratu baino gehiago sinatuta
  • Lan merkatuaren etengabeko hobekuntza berretsi dute urte arteko langabezia 1.141 pertsonatan jaisteak, Gizarte Segurantzan afiliazioak 5.003 kotizatzailetan gora egiteak eta kontratazio mugagabeak pisu handiagoa izateak

Enpleguaren egonkortasunerako eta hobekuntza progresiborako joera berretsi du lan merkatuak martxoan izan duen portaerak. Urtarokotasunaren hileroko doikuntza txiki bat izan arren, datuek bilakaera positiboa erakutsi dute urte arteko terminoetan, enpleguaren susperraldia sendotuz.

Martxoaren 31n, 107.173 langabe zeuden, aurreko hilearen aldean 179 pertsonatako igoera moderatua (+ % 0,17) izanda. Hileroko igoera txiki hori data horietarako ohikoa den dinamika baten barruan kokatzen da, eta ez du hondoko joera aldatzen. Izan ere, iazko martxoarekin alderatuta, 1.141 langabe gutxiago daude, hau da, % 1,05 gutxiago, lan merkatuaren etengabeko hobekuntza berretsiz.

Langabeziaren urte arteko jaitsiera hori modu orokorrean gertatu da, bai gizonen artean, bai emakumeen artean, eta sektore ekonomiko gehienetan. Langabeziaren bilakaerak bat egiten du urtaroen dinamikarekin, eta hileko jaitsierak izan dira Eraikuntzan (-% 0,8) eta Lehen sektorean (-% 0,4); hazkundeak, berriz, aurreko enplegurik gabekoetan (+% 0,90), bai eta Zerbitzuetan (+% 0,08) eta Industrian (+% 0,29) ere.

Urte arteko datuei erreparatuz gero, bilakaera positiboa eta orokorra izan da, langabeziak behera egin baitu ia sektore guztietan. Batez ere Zerbitzuetan (-652 pertsona, -% 0,86), Eraikuntzan (-428, -% 7,49), Lehen sektorean (-101, -% 5,21) eta Aurreko enplegurik gabeko pertsonetan (-73, -% 0,50). Industriaren sektoreak bakarrik izan du hazkunde txiki bat iazkoaren aldean (+133 pertsona, +% 1,11), enpleguaren hobekuntzaren testuinguru orokor batean.

Adin-taldeen araberako bilakaera ere positiboa da urteko kopuruetan, jaitsiera nabarmenak baitaude 30 urtetik beherakoen eta 30 eta 44 urte bitartekoen artean, eta horrek erakusten du lan merkatuko kolektibo dinamikoenen lan aukerak hobetu egin direla.

Aldi berean, kontratazioak portaera bereziki positiboa erakusten du. Martxoan, 60.481 kontratu erregistratu dira, aurreko hilean baino % 14,21 gehiago eta % 5,19 urte artean. Hazkunde horrek agerian uzten du jarduera ekonomikoaren dinamismoa eta enplegua sortzeko gaitasuna.

Era berean, kontratazio mugagabeak sendotzen jarraitzen du, eta guztizkoaren % 25,4 da; ehuneko 1,5 puntu igo da aurreko urtearen aldean. Datu horrek erakusten du hobetu egin dela enpleguaren kalitatea eta egonkortasun handiagoa dagoela lan harremanetan.

Kontratatutako pertsonen kopurua ere nabarmen hazi da, 42.773ra iritsiz, hileko zein urte arteko hazkundeekin, eta horrek lan merkatuaren joera positiboa indartzen du.

Gizarte Segurantzan 1.033.410 kotizatzaile erregistratuta itxi zuen Euskadik martxoa, aurreko hilean baino 5.003 gehiago (+% 0,49). Urte arteko datuei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoan 10.971 langile gehiago afiliatu dira, 2025eko martxoarekin alderatuta, hau da,
% 1,07 gehiago.

Oro har, martxoko datuek berretsi dute enpleguaren bilakaera positiboa izan dela, Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen kopuruak gora egin duela, oinarri sendoa dagoela lanpostuak sortzeko, langabeziak behera egin duela urtetik urtera, eta pixkanaka hobetu dela lan egonkortasuna. Munduko testuinguru geopolitiko korapilatsuak, ezin aurreikusizko ondorioak dituenak, erne jartzen gaitu Euskadiko enpleguan izan ditzakeen ondorioen aurrean, baina, oraingoz, emaitza horiek indartu egiten dute lan merkatuak datozen hilabeteetan aurrera egiten jarraitzeko duen gaitasunean duen konfiantza.