APIRILAK 2, Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna
Euskadin espektro autistaren nahasmendua duten 5.000 paziente baino gehiago daude, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarritako txartel honi esker, miaketak eta tratamenduak erraztuko eta alferrikako itxaronaldiak saihestuko zaizkie.
Txartela eskatzea erraza da: osasun-zentroan kudea daiteke lehen mailako arretako medikuaren bidez, eta, ondoren, pazientearen etxera iristen da. Txartel hori AEN diagnostikatu zaien pertsonek jaso ahal izango dute, bai eta dibertsitate funtzionala edo garapenekoa dutenek ere.
Ekimen hau Euskadiko Osasun Itunaren esparruaren barruan kokatzen da, eta, horren bidez, Osakidetzak beste urrats bat ematen du sistema sanitario irisgarri, inklusibo eta hurbil bat lortzeko.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak abian jarri du Autismoaren Espektroko Nahasmendua (AEN) duten pertsonei lehentasunezko arreta emateko osasun-txartel berria. Helburua asistentzia erraztea, oztopoak kentzea eta beharrezkoak ez diren itxaronaldiak saihestea da, Osakidetzako osasun-zentroetan pazientearen eta haren familien esperientzia hobetzeko.
Euskadin AEN duten 5.000 pertsonak baino gehiagok balia dezakete neurri hori, eta horrek indartu egiten du euskal osasun-sistemak arreta irisgarria, errespetuzkoa eta aniztasunera egokitua emateko duen konpromisoa. Urtero lez, gaur, apirilak 2, Autismoaz Kontzientziatzeko Munduko Eguna da, eta Osakidetzak jakinarazten du urtean 500 autismo-kasu berri baino gehiago detektatzen dituela bere sarean. Tresna berri horren bidez, arreta arintzen du eta ingurune sanitarioarekin harremana zaildu dezaketen oztopoak ezabatzen ditu.
Arreta gizatiarragoa, egokituagoa eta hurbilagoa.
Lehentasunezko arreta-txartelari esker, orain pazientea azkar identifikatu daiteke Osakidetzan, eta, egoera klinikoak aukera ematen duenean, arreta-zirkuitu espezifikoak eskaini edo jende asko biltzen den geletan itxaronaldiak murriztu daitezke. Izan ere, ingurune horiek bereziki estresagarriak izan daitezke autista batzuentzat.
Gainera, tratu pertsonalizatuagoa eta egokituagoa ematen du miaketetan edo prozedura medikoetan, pertsona bakoitzaren zentzumen- eta komunikazio-sentsibilitateak kontuan hartzen ditu eta bisitetan aurrea hartzea sustatzen du. Emaitza arreta gizatiarragoa, egokituagoa eta hurbilagoa da.
Eskatzeko prozedura erraza da: ohiko osasun-zentrotik kudea daiteke Lehen Mailako Arretako medikuaren bidez, eta, ondoren, txartela pazientearen etxera iristen da. Senideek edo langile sanitario eta soziosanitarioek ere eska dezakete.
Osakidetza, erreferentea autismoa detektatzeko eta laguntzeko
Tresna berri horrek bat egiten du Osakidetzak azken urteotan finkatu duen Espektro Autistaren Nahasmenduari (AEN) ekiteko eta hura detektatzeko zirkuituarekin. Zirkuitu horrek detekzio goiztiarra, Lehen Mailako Arretaren eta Arreta Espezializatuaren arteko koordinazioa eta pertsona ukituen laguntza integrala bermatzen ditu.
Osakidetzak nabarmen indartu du lehen mailako arretako medikuntzako eta erizaintzako profesionalen prestakuntza, autismoaren espektroarekin bateragarriak diren zeinuak goiz identifikatzea errazteko.
Balizko alarma-seinale bat detektatzen denean, zirkuituak zenbait neurri ezartzen ditu: lehenik, hasierako balorazio bat egiten da Lehen Mailako Arretan, behaketa klinikoak erregistratzeko eta familiari edo pazienteari berari orientazioa emateko; ondoren, Arreta Espezializatura bideratzen da azkar, pediatriako, psikiatriako, psikologia klinikoko edo neurologiako taldeek ebaluazio diagnostiko osoagoa egin dezaten; eta, azkenik, laguntza-mailen arteko koordinazioa egiten da, prozesu osoan jarraitutasuna, jarraipena eta laguntza bermatzeko.
Eredu horri esker, Osakidetzak itxaron-denborak murriztea, zehaztasun diagnostikoa hobetzea eta pertsona bakoitzaren beharretara egokitutako esku-hartzeak eskaintzea lortzen du.
Osasun inklusiboarekin konpromisoa Euskadiko Osasun Itunaren esparruan
Lehentasunezko osasun-txartela Euskadiko Osasun Itunaren ildo estrategikoetako ekintzen parte da. Izan ere, itun horrek arreta ekitatiboagoa, pertsonalizatuagoa eta oztopo fisikorik, kognitiborik edo antolamenduzkorik gabea ematearen alde egiten du.
Hala, neurri horri esker, Osakidetzak konpromisoa indartzen du pertsona erdigunean jartzen duen osasun publikoarekin, eta sistema inklusiboago eta ulerkorrago baterantz aurrera egiten jarraitzen du, errespetu-, aniztasun- eta ekitate-balioekin bat eginez.