Osasun Sailak Ttipi Ttapa gida kaleratu du, udalerrietan jarduera fisikoa, gizarte harremanak eta osasuna sustatzeko

Osasun Sailak Ttipi Ttapa gida kaleratu du, udalerrietan jarduera fisikoa, gizarte harremanak eta osasuna sustatzeko

APIRILAREN 6a – JARDUERA FISIKOAREN MUNDU EGUNA

APIRILAREN 7a – OSASUNAREN MUNDU EGUNA

  • Gidak beste urrats bat egin du Ttipi Ttapa ekimena lurralde osoan zabaldu, finkatu eta indartzeko bidean. Taldean ibiltzea gisako jarduera erraza tresna komunitario eraldatzaile bihurtzen du; ekintza komunitarioa sendotzen du, belaunaldiak lotzen ditu eta pertsonen osasun fisiko eta emozionala hobetzen du
  • Osasun Sailak duela ia 15 urte jarri zuen abian osasun komunitarioa sustatzeko erreferentziazko ekimen hori. Gaur egun 40 bat udalerritan garatzen da, eta 1.500 ibiltari baino gehiago izaten dira astero.
  • Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak proiektuari buruz Tolosa-Goierri inguruan egindako ebaluazioak oso emaitza positiboak jaso ditu. 10etik 9 puntu baino gehiagoko balorazioak jaso dira, eta bizikidetzarako, osasun mentalerako eta belaunaldien arteko harremanetarako funtsezkoak diren onurak
  • Proiektuak erantzuten dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, ikuspegi komunitarioaren bitartez, ingurune osasungarri eta kohesionatuak eraikitzeko garaian ekitaterik ezak murrizteko duen konpromisoari. Hain zuzen, konpromiso hori da Euskadiko Osasun Itunaren funtsezko helburuetako bat, osasuna eta ekintza komunitarioa sustatzeko ildo estrategikoan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Ttipi Ttapa gida abiarazi du. Tresna praktiko horren bitartez, udalerriei lagundu nahi zaie taldean ibiltzea oinarri duten proiektu parte-hartzaileak sustatu, diseinatu eta sendotzen, elkarrekin topatzeko, harremanak izateko eta ongizate kolektiboa hobetzeko aitzakia gisa.

Jarduera Fisikoaren Mundu Egunaren eta Osasunaren Mundu Egunaren barruan, Ttipi Ttapa ekimenak argi erakusten du ibiltzea gisako eguneroko jarduera erraz eta eskuragarri bat nola bihur daitekeen tresna komunitario eraldatzaile. Izan ere, elkarrekin ibiltzeak osasun fisikoa hobetzen du, gizarte-sareak indartzen ditu, bakardadeari aurre egiten dio, berdintasuna sustatzen du eta komunitateak biziago, indartsuago eta gizatiarrago bihurtzen ditu. Gida horrekin, Osasun Sailak beste urrats bat egin du Ttipi Ttapa ekimena lurralde osoan zabaldu, sendotu eta indartzeko bidean, udalerriei eta proiektu hau posible egiten duten pertsonei lagunduta.

Hamarkada batetik gorako esperientzian metatutako ikaskuntza errealak biltzen dituen baliabide metodologikoa da. Ttipi Ttapa jarduera osasun komunitarioa hobetzeko erreferentziazko ekimen bihurtu duten funtsezko elementuak sistematizatzen ditu. Izatez, gaur egun 40 bat udalerritan garatzen da, eta 1.500 ibiltari baino gehiago izaten dira astero.

Ttipi‑Ttapa: ibiltzea baino askoz gehiago

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2012an, duela ia 15 urte, abian jarri zuen Ttipi Ttapa programak jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea du helburu, batez ere adinekoen artean. Urteen poderioz, ekimenak eboluzionatu du, eta proiektu komunitario integral gisa finkatu da. Gizarte-loturak, belaunaldien arteko kohesioa eta zenbait kolektiboren —tokiko elkarteak, ikastetxeak, egoitzak, eguneko zentroak, gizarte-erakundeak edo osasun-eragileak— parte-hartzea indartzea du xede.

Esperientziak erakusten du taldean ibiltzeak ariketa fisikotik haratago doazen onurak sortzen dituela: bakardadea murrizten du, gogo-aldartea hobetzen du, autonomia areagotzen du, zahartze aktiboa sustatzen du, belaunaldien arteko topaketa errazten du, migratzaileei eta dibertsitate funtzionala duten pertsonei gizarteratzen laguntzen die, eta komunitate konektatuagoak, enpatikoagoak eta solidarioagoak sortzen laguntzen du.

Dimentsio sozial horiek guztiz bat datoz Euskadiko Osasun Itunaren funtsezko ildo estrategikoetako batekin, osasunaren eta ekintza komunitarioaren sustapenarekin. Horri esker, eta ingurune osasungarri eta kohesionatuak eraikitzeko baldintzatzaile sozial eta komunitarioetan oinarritutako ikuspegiaren bidez, ekitaterik ezak murriztu nahi dira —Osasun Sailak ere partekatzen du helburu hori—.Ttipi Ttapa proiektuei emandako bultzada Eusko Jaurlaritzaren Mugiment Ekintza Planaren parte da, eta ekintza-plan hori Euskal Autonomia Erkidegoko Jarduera Fisikoari eta Kirolari buruzko 2/2023 Legearen babesean garatu da. Osasun Sailak, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzaren osasuna sustatzeko arloaren eskutik, udalerriei laguntzen die aholkularitza teknikoaren bidez, parte-hartze komunitarioko proiektuetarako dirulaguntzen bidez, eta gida berri honen moduko materialen bidez.

Udalerriei laguntzeko gida

Ttipi Ttapa gida berriak proiektua osatzen duten elementu guztiak sistematizatzen ditu, edozein udalerrik —udalerriaren tamaina edo baliabideak edozein izanik ere— bere Ttipi Ttapa ekimena martxan jarri edo indartu ahal izan dezan.

Edukia funtsezko sei multzotan antolatzen da:

  1. Parte-hartze soziala. Komunitatea aktibatzea, multzo garrantzitsuak identifikatzea eta aniztasuna bermatzea.
  2. Talde dinamizatzailea sortzea. Proiektua bultzatzen, antolatzen eta eusten duen talde plurala —udala, tokiko elkarteak, boluntarioak, osasunaren arloko profesionalak, ikastetxeak…—.
  3. Ibilbide irisgarriak eta seguruak diseinatzea. Ibilbideak gaitasun desberdinetara egokitzea eta hiri-ingurunearen irisgarritasuna hobetzea.
  4. Proiektuaren identitatea eta komunikazioa. Material eskuragarriak eta inklusiboak erabiltzea, irudi propioa sortzea eta toki-hedapenerako estrategiak garatzea.
  5. Jarduera osagarriak eta kohesioa. Beroketak, bisita kulturalak, jai-topaketak, belaunaldien arteko dinamikak edo euria ari duen egunetarako alternatibak.
  6. Ebaluazioa eta jarraipen komunitarioa. Parte-hartzea ebaluatzeko, datuak biltzeko, funtzionatzen duenari buruz gogoeta egiteko eta etengabe hobetzeko proposamen errazak.

Gida tresna malgua da, udalerri bakoitzaren berezitasunetara eta erritmoetara egokitu daitekeena, tokiko autonomia errespetatuko duena eta herritarrak ekintzaren erdigunean jarriko dituena.

Komunitateak eraldatzen dituen proiektua

Osasun Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak Tolosa-Goierri inguruan egindako Ttipi-Ttapa proiektuaren ebaluazioak oso emaitza adierazgarriak erakusten ditu.

Parte-hartzaileek 10etik 9 puntu baino gehiagoko puntuazio globalarekin baloratu dute esperientzia. Ibiltze hutsa ez ezik, osasun mental eta sozialerako funtsezkoak diren alderdiak ere balioetsi dituzte. Gainera, agerian geratu da proiektuak eragin positiboa izan duela inklusioan eta ekitatean, mugikortasun urria eta dibertsitate funtzionala duten edo askotariko jatorrikoak diren pertsonek modu aktiboan parte hartzea sustatzen baitu.

Ttipi Ttapa ekimenak gizarte-kohesio sendoa sortu du; elkarteen, osasun-zentroen, udalen, saltokien eta herritarren artean sare egonkorrak eragiten ditu eta tokiko premiak detektatzea eta bizikidetza hobetzea ahalbidetzen du. Era berean, belaunaldiartekotasuna azpimarratzen du eta ikastetxeen parte-hartzea sustatu; horri esker, gazteek adinekoei buruz duten pertzepzioa hobetu da, estereotipoak ezabatu dira eta bi belaunaldien bizitza aberastu da.

Informazio gehiago: https://www.euskadi.eus/ttipi-ttapa-ibilbide-osasuntsuak/web01-a3osakom/eu/