Donostiako Ertzain-etxeko ikerketako agenteek gizon bat eta emakume bat atxilotu zituzten atzo, osteguna, Astigarragan eta Gipuzkoako hiriburuan, etxebizitza batetik bitxiak lapurtzeagatik. Lapurtutako bitxien balioa 70.000 euro ingurukoa da.
Apirilaren 6an, Ertzaintzak, salaketa baten bidez, jakin zuen hainbat bitxi lapurtu zituztela Donostiako etxebizitza batetik. Horietako batzuk balio handikoak ziren, eta guztien balioa 70.000 euro ingurukoa zen. Hurrengo egunean, salatzaileak etxeko langileaz susmatzen zuela adierazi zuen.
Hori guztia kontuan hartuta, Ertzaintzak ikerketa hasi zuen, eta lapurtutako bitxietako batzuk urrea salerosteko establezimenduetan berreskuratu zituzten, nahiz eta batzuk jadanik urtuta zeuden. Kontratuetan, saltzaile gisa etxeko langilea eta haren bikotekidea agertzen ziren.
Atzo, osteguna, bi pertsonak aurkitu eta atxilotu zituzten, jendea bizi den etxean indarrez lapurreta egitea leporatuta. Donostian latinoamerikar jatorriko 33 urteko emakumea atxilotu zuten, eta Astigarragan 22 urteko gizona, hori ere latinoamerikar jatorrikoa. Bi atxilotuak polizia-egoitzara eraman zituzten zegozkion polizia-eginbideak hasteko.
Bikotea bizi den gela gaur miatu dute, eta bitxi gehiago aurkitu dituzte, eta orain horien jatorria ikertuko dute.
Polizia-eginbideak amaitzen dituztenean, atxilotuak epailearen eskuetan jarriko dituzte.