Barakaldoko Udalak iraunkor bihurtu du joan den neguan Lutxanako Kulturgunean martxan jarritako haurrentzako ludoteka, auzoko familien erantzun bikainaren ondoren. Zerbitzua baliabide egonkor gisa finkatu da orain, eta abendura arte luzatuko da, 2 eta 6 urte bitarteko haurrentzako jarduerekin. «Lutxanan haur txikiak dituzten familia berri asko ludotekaz gozatzen ari dira, horregatik, proba pilotuak hain harrera ona izan duela ikusita, zerbitzua urte osorako zabalduko dugu», azpimarratu du Nerea Cantero Barakaldoko Kultura zinegotziak.
Ludotekaren denboraldi berria apirilaren 13an, astelehenean, hasiko da, eta astelehenetik ostegunera egingo da. Horrela, zerbitzu egunak bikoiztu egingo dira, 17:30etik 19:30era, Lutxanako Kulturgunean. Gehienez 50 lagunentzako lekua dago. Familia-eremua denez, adingabeek erreferentziazko pertsona heldu bat izan beharko dute uneoro.
JOLASGUNE LIBRE, HEZITZAILE ETA PANTAILARIK GABEA
Ludoteka aisialdi hezitzailerako gunea da, eta Udalak lehen haurtzaroaren garapen integrala sustatu nahi du jolas libre eta gidatuaren bidez, pantailen erabileratik urrun dauden kalitatezko alternatibak eskainiz. Proiektuak apustu hauek egiten ditu: familian kalitatezko denbora erraztea, jolas partekatuaren bidez; sormena, autonomia eta esplorazioa sustatzea; ingurune inklusiboa sortzea, generoagatik, kulturagatik edo klaseagatik estereotipoik gabea; Lutxana auzoko sare komunitarioa indartzea, eta euskararen erabilera naturala sustatzea jolas- eta familia-testuinguruetan.
JOLAS-TXOKOAK ETA PROPOSAMEN DINAMIZATUAK
Espazioa hainbat txoko iraunkorretan antolatuta dago, eta haurrei aukera ematen die zertara jolastu aukeratzeko, haien autonomia sustatuz eta haien erritmoak errespetatuz: jolas-txoko sinbolikoa (sukaldea, merkatua, panpinen etxea eta haurtxoen zaintza); ibilgailu eta eraikuntzen txokoa; tamaina eta material desberdineko piezak dituen eraikuntza-gunea; material plastikoekin margotzeko eta esperimentatzeko txoko sortzailea; irakurtzeko, lasaitzeko eta atseden hartzeko espazioa, adin desberdinei egokitutako ipuinekin.
Jolas libreaz gain, programazioak familiaren esperientzia osatuko duten proposamen dinamizatuak biltzen ditu, hala nola asteroko bi tailer artistiko, hilero psikomotrizitate-saioak mugimendu-zirkuituekin edo pintakara-saioak, globoflexia… «Jarduera horiek irekiak eta borondatezkoak izango dira, ludotekaren ohiko funtzionamenduaren barruan txertatuko dira, eta familia bakoitzak bere parte-hartzea askatasunez erabaki ahal izango du, bere gustuen edo beharren arabera», nabarmendu du Canterok.
LUTXANAKO FAMILIENTZAKO BALIABIDE FINKATUA
Proiektu honekin, Udalak erantzun egiten dio herritarren eskariari, neguko hilabeteetan zerbitzuak izan duen erantzun onari, eta sendotu egiten du 2 eta 6 urte bitarteko tarterako pentsatutako hezkuntza eta aisialdi-baliabidea, etapa horretan aisia egituraturako aukerak mugatuagoak baitira. «Lutxanako Ludotekak aukera asko eskaintzen ditu, eta zerbitzu berri honekin, eremu dinamiko, inklusibo eta malgu gisa berresten da, familian jolastea, sozializazio goiztiarra eta auzoko familien artean laguntza-sareak sortzea sustatzen duena, Barakaldoko haurren ongizatean eta garapenean lagunduz», amaitu du Canterok.