Newsweek aldizkariak 2026ko munduko ospitale onenen zerrendan sartu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea

Newsweek aldizkariak 2026ko munduko ospitale onenen zerrendan sartu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea

Newsweek aldizkari estatubatuarrak 2026ko munduko ospitale onenen zerrendan (“World’s Best Hospitals 2026”) sartu du Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea; hala egin du ere datuak aztertzen dituen Statista nazioarteko atariak, kalitate asistentzialaren nazioarteko estandarretan oinarritutako ebaluazio independentea egin ostean.

Aintzatespen hori dela-eta, azterketan ezarritako bikaintasun-irizpideak betetzen dituzten mundu osoko osasun-zentroen artean kokatzen da gure ospitalea. Guztira, 30 herrialdetako 2.400 ospitalek baino gehiagok hartu dute parte azterketa horretan.

Kalitate-irizpideetan oinarritutako nazioarteko ebaluazioa

2026ko munduko ospitale onenen zerrenda (“World’s Best Hospitals 2026”) egiteko, Newsweek aldizkariak eta Statista atariak askotariko parametroak izan dituzte kontuan, besteak beste:

  • Ospitale-kalitatearen adierazleak.
  • Osasun-arloko profesionalen gomendioak.
  • Pazienteen esperientzia.
  • Pazienteak emandako osasun-emaitzak (PROM) neurtzeko tresnen ezartze-maila.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak nazioarteko aintzatespen hori jaso izanak berresten du bertako profesionalek eta Osakidetzak oro har konpromiso irmoa dutela kalitate asistentziala, segurtasuna nahiz pertsonak ardatz dituen arreta etengabe hobetzeko.

Euskal osasun-sistema publikoaren erreferente

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea euskal osasun-sistema publikoaren erreferentziazko zentroetako bat da eta Osakidetzaren sarean dago; bereziki nabarmentzen da gauzatzen duen asistentzia-jardueragatik, irakaskuntzagatik, ikerketagatik, eta konplexutasun handiko prozesuak artatzeagatik.

Nazioarteko aintzatespen hau bertako profesionalen eguneroko lanaren emaitza da, eta horren bidez nazioartean nabarmentzen da euskal osasun-sistemaren kalitatea.