Apirilak 11 – PARKINSONAREN MUNDU EGUNA
Euskadin osasunaren arloko ikerketa funtsezkoa da herritarren osasuna eta bizi-kalitatea hobetu dadin. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, osasun-ikerketako institutuen bitartez, Parkinson gaixotasunean oinarritutako 65 proiektu eta azterketa kliniko inguru garatzen ditu Osakidetzarako. Bihar, apirilak 11, Parkinsonaren Mundu Egunean, Osasun Sailak detekzio goiztiarraren eta paziente eta familientzako laguntzaren garrantzia nabarmenduko du.
Ikerketen aniztasun zabalaren barruan, ikerketa-ildoetako batek erretina du ardatz, parkinsonaren diagnostiko goiztiarreko biomarkatzaile gisa identifikatzen baita. Osasun-ikerketako institutuek eta Osakidetzak, erretinaren bidez, gaixotasun horren diagnostikoa hobetuko duen eta haren progresioa aurreikusiko duen informazioa detektatu dute, Begipark ikerketa-proiektuaren barruan.
Biobizkaia, Biogipuzkoa eta Bioaraba osasun-ikerketako institutuek garatutako proiektu horretan, garunean gertatzen diren prozesu neurodegeneratiboei buruzko informazio baliotsua identifikatzen da, erretina-irudiaren proba azkar eta ez-inbaditzailearen baten bidez. Hau da, erretinan gertatzen diren aldaketa horietako batzuk bereziki lotzen dira pertsonak narriadura kognitiboa izateko duen arrisku handiagoarekin.
Medikuntza zehatzagoa eta pertsonalizatuagoa
Euskadiko ikerketa-ildoen bidez, terapia-diana berriak identifikatu nahi dira eta terapia potentzial berriak diseinatu eta garatu nahi dira. Horretarako, Biobizkaian tresna digitalak eta adimen artifiziala erabiltzen dituzte, Parkinson gaixotasunaren bilakaera hobeto ulertzeko eta medikuntza zehatzago eta pertsonalizatuagorako bidean aurrera egiteko. Horrez gain, gaixotasunaren aldaera erasokorragoak detektatzera bideratutako diagnostiko goiztiar eta diferentzialerako biomarkatzaile berriak erabiltzen dituzte, eta gaixotasun horretan elikadura eta metabolismoa ikertzen dute.
Bestalde, Bioarabak garatzen duen ikerketa-ildoak diziplina anitzeko ikuspegi berritzailea du, eta hesteetako mikrobiotaren zeregina du aztergai, bai pazienteetan, bai sintomarik gabeko eramaileetan, barnean dela tratamendu dopaminergikoarekin duen lotura. Era berean, garun-estimulazio sakoneko kirurgiaren testuinguruan biomarkatzaileak identifikatzeko teknologia berriak barne hartzea helburu duten ekimenak garatzen ditu.
Biogipuzkoa institutuak, berriz, klinikoen eta ikertzaileen jarduera lotzen duten proiektuen bidez garatzen du Parkinson gaixotasunaren inguruko ikerketa. Helburua da gaixotasun horretan inplikatuta dauden mekanismo fisiopatologikoei azalpena ematen saiatzea, eboluzio aldatuko duten terapia aldatzaileak diseina daitezen eta osasun-sisteman erabil daitezen.
Parkinson gaixotasuna Euskadin
Parkinson gaixotasuna gaixotasun neurodegeneratibo progresiboa eta desgaitzailea da. Gaixotasuna 55 urtetik aurrera hasi ohi da, eta zertxobait ohikoagoa da gizonen artean emakumeen artean baino. Euskadin, munduko gainerakoan bezalaxe, Parkinsona da bigarren gaixotasun neurodegeneratiborik ohikoena, Alzheimerraren ondoren; 2025ean, Osakidetzak 1.190 kasu berri diagnostikatu zituen —% 55 gizonak eta % 45 emakumeak—, eta, gaur egun, 10.000 kasu baino gehiago daude diagnostikatuta gure erkidegoan.
Parkinson gaixotasunaren sintomarik bereizgarrienak motorrak dira, hala nola borondatezko mugimenduen geldotasuna, zurruntasuna, atseden-dardara eta deanbulazioaren alterazioa. Sintoma motorrez gain, Parkinson gaixotasunak oso ohikoak diren beste sintoma batzuk sortzen ditu, esaterako idorreria, usaimenaren galera, nekea, hipotentsio ortostatikoa, zenbait nahaste disautonomiko, depresioa eta oinazea. Narriadura kognitiboa ere agertzen da Parkinson gaixotasunarekin, pazienteen % 30ek baino gehiagok dementziaren bat garatzen dutela zenbatetsi baita.
Hasiera batean, Parkinson gaixotasuna garunari neuronen galera arintzen laguntzen dioten farmakoen bidez tratatzen da. Farmako horiek oso eraginkorrak dira eta hobekuntza nabarmena izaten da; alabaina, denborak aurrera egin ahala eta galera neuronalaren metaketaren ondorioz, konplikazioak sortzen dira.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak gaixotasun neurodegeneratiboen ikerketaren aldeko apustua egiten dute, eta haien lehentasunezko ildoa da. Halaxe jasotzen da Euskadiko Osasun Itunean, hiru helbururekin: arreta indartzea, goiz detektatzea eta pazienteei eta familiei laguntzea. Halaber, Euskadi 2030 Osasun Planak terapia berrien ikerketa eta garapena sustatzen du, eta, horretarako, besteak beste, ikerketa eta asistentziako kontratu mistoak sendotzen ditu, estatuko eta tokiko programak integratzen ditu eta gaixotasun neurodegeneratiboen prebentzioari eta tratamenduari buruzko ikerketarako aurrekontua modu progresiboan handitzen du.
Parkinson gaixotasunari buruzko jardunaldiak, Osakidetza
Parkinsonaren Mundu Eguna dela eta, Biobizkaiak Parkinson gaixotasunarekin bizitzea jardunaldia antolatu du apirilaren 20an, gaixoei eta haien senideei zuzenduta. Topaketa Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko auditorioan egingo da, eta bertan pazienteen parte-hartze aktiboa sustatuko da, eta egunero gaixotasunaren tratamenduaren arloko aurrerapenetan eta terapia aurreratuetan lan egiten duten profesionalekin elkarreragitea bultzatu. Halaber, Biogipuzkoak, ASPARGI elkartearen eskutik, bilera bat antolatu du gaixotasun hori duten pazienteak tratatzen dituzten kliniko, ikertzaile, koordinatzaile, neuropsikologo eta erizainen partaidetzarekin. Donostia Unibertsitate Ospitaleko ekitaldi-aretoan egingo da apirilaren 15ean, asteazkena.
Bilboko udaltzainek 45 urteko emakume bat atxilotu dute, hilketa saiakera egotzita. Zenbait lekukok atxilotua, bikotekidea…
Foru Komunitateko 101 udalerrik dagoeneko badituzte Baso-suteen Arriskuari aurre egiteko Udal Jarduera Planak (PAMIF), Nafarroako…
Hezkuntzak aurten deitu dituen maisu-maistren kidegorako oposizio-lehiaketako probak ekainaren 19an hasiko dira, ostirala, eta ekainaren…
Foru Gobernuak foru lege dekretu bat onartu du asteazken honetan, Estatu Batuen eta Israelen erasoaren…
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, AGR Biogás SA enpresari Arroizko udalerrian planta bat instalatzeko Ingurumen Baimen…
Nafarroako Gobernuak, gaurko bilkuran, 2025eko Inbertsio Programa eguneratzea eta zabaltzea onartu du, 2024ko aurrekontu superabitetik…