Udaleku irekia uztailaren 6tik 30era izango da
Donostiako Udalak, Euskara Zerbitzuaren bidez, Oporretan Euskaraz udaleku irekia antolatuko du uztailaren 6tik 30era, udaldian ere euskaraz ongi pasatzeko aukerak izan ditzaten hiriko umeek.
Apirilaren 15etik 22ra egin behar da izen-ematea, on line www.donostia.eus helbidean edota www.donostiaeuskaraz.eus Udaleko Euskara Zerbitzuaren webgunean. Aurrez aurre ere egin daiteke inprimakia ondo beteta eta sinatuta aurkeztuz gero Udalinfon edota Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan (Konstituzio plazan 2, 09:00etatik 14:00etara).
Oporretan Euskaraz-en era guztietako ekintzak egingo dituzte: hondartzako jarduerak, parke eta lorategietako jolasak, euria ari duenean tailerrak, antzerkiak, lehiaketak eta abar. Ingurumena ere landuko dute eta Donostian bideratzen diren beste ekimen batzuetan ere parte hartuko dute.
Data garrantzitsuak
Kontuan hartzeko beste zenbait data
- Apirilaren 30etik maiatzaren 4ra, izen-ematean emandako datuak eta erroldari dagozkionak berrikusteko aukera egongo da izena emateko erabili den gune berean. Izen-ematean emandako nortasun agiriarekin sartuta ikusi ahal izango dira datuak.
- Maiatzaren 12an, berriz, ikusgai egongo dira zozketaren emaitzak gune berean; izan ere, plazak zozketa bidez esleituko dira.
- Ekainaren 2a izango da matrikulak ordaintzeko eguna.
- Uztailaren 6tik 30era izango da udalekua, 09:00etatik 13:30era, astelehenetik ostiralera, jaiegunetan izan ezik. Zaintza zerbitzua 08:30-09:00etara izango da, izen-emate orrian hala eskatzen dutenentzat.
Izen-emateari buruzko informazioa, zuzenketak eskatu nahi izanez gero noiz eta nola egin jakiteko informazioa eta bestelako gai guztiei buruzkoa eskura dago www.donostiaeuskaraz.eus webgunean.
Plazak zozketa publiko bidez emango dira, eta zozketaren eguna, lekua, eta emaitzak ikusgai egongo dira www.donostiaeuskaraz.eus webgunean. Kontsultak 010 telefonoan egin daitezke.
Parte hartzeko adina eta lekuak
2015etik 2021era jaio (biak barne) eta Donostian erroldatuta dauden haurrek parte har dezakete udalekuan. Salbuespenez, 12 urteko haurrek parte hartu ahal izango dute, ikasturtea errepikatu baldin badute. Adinaren eta jasotzeko lekuaren arabera eratzen dira taldeak, eta auzo hauetako ikastetxeetan egongo dira umeak biltzeko leku horiek:
- Aiete
- Altza
- Amara
- Antigua
- Bidebieta*
- Loiola-Erribera
- Gros-Ategorrieta
- Parte Zaharra
*Bidebietako gunean eman beharko dute izena 2025/26 ikasturtean iritsi eta euskararen ezagutza-maila apala duten haurrek, LH1 eta LH 5 mailen artean daudenek.
Kuota ezberdinak familia motaren arabera
Kuota bat baino gehiago izango dira, egoeraren arabera. Egoera horiek egiaztatzeko, familia dokumentuaren kopia edo dagozkion dokumentuak aurkeztu beharko dira.
- Hilabete osoko kuota arrunta 164,06 eurokoa da.
- Familia ugariek edota guraso bakarrekoek % 75a ordainduko dute, hau da, 123,04€.
- Familia ugari edo guraso bakar berezia izanez gero, kuotaren %50a pagatu behar da, 82,03€.
- Gizarte-laguntza jasotzen duten familiek, berriz, kuotaren % 10a dute, 16,40€.