Katalunia, Euskadi, Galizia, Balear Uharteak, Nafarroa eta Valentziako gobernuen arteko Hizkuntza Politikaren arloko Lankidetza Protokoloaren Jarraipen Batzordeak urteko bilera egin du gaur. Oraingoan, Euskal Autonomia Erkidegoa izan da autonomia-erkidego anfitrioia, eta bilera Bilbon (Bizkaia) egin da.
Protokoloaren Jarraipen Batzordea osatzen duten 6 autonomia-erkidegoetako 17 ordezkarik parte hartu dute bileran.
Jarraipen-bileran landu diren gai nagusien artean, parte-hartzaileek erabaki dute Espainiako Estatuko Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Saria PENSIÓN INCOMPLETA telesailari ematea, Voz Audiovisual-ek ekoitzia, telebista autonomikoekin lankidetzan (EITB, 3CAT, TVG). Sari honek Protokoloaren espiritua adierazten du, Estatuko hizkuntza ofizialak ikusarazten eta balioan jartzen laguntzeagatik, eta hizkuntza- eta kultura-aniztasunaren sustapenean betetzen duen zeregina nabarmentzen du.
Saria 2008an ezarri zen, Unescok bultzatutako Hizkuntzen Nazioarteko Urtea zela eta, eta pertsona, erakunde edo enpresek Espainiako hizkuntza-aniztasuna defendatu eta sustatzeko eta gaztelaniarekin batera hizkuntza ofizialak zabaltzeko egindako lana saritzen du. Aurreko edizioetan, besteak beste, Microsoft, Eroski eta Guadi Galego izan ziren sarituak; azken hau Galiziako musikaren esparruan proiekzioa eta ospea duen artista. Oraingoan, herritar guztiei hizkuntza-aniztasuna hurbiltzen laguntzen dien ikus-entzunezko proiektu bat saritu du.
Saritutako telesaila laster emango da, eta sari-banaketa datozen hilabeteetan egingo da, Madrilen, ekitaldi publiko batean, aurrekoetan egin den bezala.
Aurrerapenak proiektuetan
Sariaz gain, gaurko bileran hainbat proiektu komunetan eman diren aurrerapausoak adierazi dira, besteak beste, gazteentzako sekuentzia didaktiko bat egitea Estatuko eleaniztasunari eta hizkuntza-aniztasunari buruz, edo gure hizkuntzek eremu ez-formaletan, eta bereziki gazteen artean, orain bizi duten egoerari buruzko proiektua.
Bestalde, ikus-entzunezko edukiko plataforma nagusietan dauden gobernuek ordezkatzen dituzten hizkuntzen presentzia urria aztertu da, eta RTVErekin izandako azken harremanen berri eman da, erakunde publikoak bere edukiak gaztelaniaz besteko hizkuntza ofizialetan eskaintzeko neurriak har ditzan, ikus-entzunezko komunikazioari buruzko Lege orokorra betez, bereziki haurrei zuzendutako Clan kanalean.
Interes komuneko beste gai batzuk
Protokoloaren bileran interes komuneko beste gai batzuk jorratu dira, besteak beste, Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren betetze-mailaren jarraipena, eta gaztelania ez diren hizkuntza ofizialek Europako foroetan duten presentziari buruzko gaiak, besteak beste, Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarean (Network to Promote Linguistic Diversity, NPLD). Bildutako gobernuak sare horretako kideak dira, eta beren hizkuntzen erabilera sustatzeko baterako hainbat ekintza egiten dituzte.
Bilerara bertaratuak
Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak parte hartu du bileran, eta gobernuetako ordezkariei harrera egin die Azkuna Zentrora iritsi direnean. Bertan izan da jardunaldia.
Bileran izan dira Aitor Aldasoro Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Valentín García Gómez Galiziako Xuntako Hizkuntzako idazkari nagusia, Kataluniako Generalitateko Katalanaren Ezagutza Eskuratzeko eta Erabilera Bultzatzeko zuzendari nagusia, Vanessa Bretxa i Riera, Vicent Satorres Calabuig Valentziako Generalitateko Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Llorenç Perelló Rosselló Institut d’Estudis Baleàric erakundeko zuzendaria, eta Javier Arakama Urtiaga Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendari kudeatzailea, guztiak beren lantaldeekin.
Protokoloari buruzko informazio gehigarria
Protokoloaren sinatzaileak animatzen dituen espiritua hiru eremutan zehazten da. Alde batetik, protokoloak gure hizkuntzak biziberritzeko prozesuetako lan-arloei buruzko informazioa eta esperientziak trukatzea aurreikusten du. Horrez gain, eta Espainiako Estatua Estatu eleaniztuna dela onartuta, Protokoloak Gobernuak konprometitzen ditu batera lan egiteko, Estatuko erakundeek modu eraginkorrean joka dezaten errealitate eleanitz hori babestu eta bultzatzeko. Aldi berean, Protokoloak ahaleginak koordinatzeko beharra jasotzen du, nazioartean eta bereziki Europar Batasunean gaztelania ez diren hizkuntza ofizialen presentzia bultzatzeko.