Ertzainek, Villabonako Udaltzaingoaren laguntzaz, 26 urteko gazte bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Villabonan bertan, merkataritza-establezimendu batean eta hainbat ibilgailutan lapurreta egiteagatik. Atxilotuak lapurtutako txartel bat erabili zuen, eta 700 euroko zordunketak egin zituen.
Atzo, osteguna, arratsaldean, Ertzaintzari Villabonara joateko eskatu zioten, gazte bat, lapurreta egiteko asmoz, aparkatuta zeuden ibilgailuetako kristalak hausten ari zela esanez. Bertaratu zen patruilak egiaztatu zuen hiru ibilgailuk, gutxienez, harri kolpeak zituztela leihoetan. Lekukoen arabera, ustezko egilea pertsona gazte bat zen, eta, herritar batzuek errieta egin ziotenean, ihes egin zuen.
Hori guztia gertatu ondoren, jakin ahal izan zen emandako deskribapenarekin bat zetorren pertsona bat herriko establezimendu batean sartu zela eta erosi zuen arropa eskudirutan ordaindu zuela, une oro jarrera susmagarria erakutsiz. Gero, dendaria konturatu zen beste ehun-gai batzuk lapurtu zizkiola, eta salatu egin zuen.
Adierazitako establezimendura zihoanean, patruilak biktimek eta lekukoek emandako datuekin bat zetorren pertsona bat ikusi zuen. Pertsona hori taberna batean zegoen eta, identifikatu ondoren, miatu egin zuten. Bere gauzen artean lapurtutakoak izan zitezkeen hainbat objektu aurkitu zizkioten, hala nola beste pertsona baten izenean zeuden txartelak eta dokumentazioa, billetetan 370 euro, telefono mugikor bat eta dendan lapurtutako arropa. Halaber, kolpeak jaso zituzten ibilgailuen ondoan aurkitutakoen antzeko ezaugarriak zituen harriren bat edo beste ere bazeraman.
Gainera, biktimetako batek jakitera eman zuenez, egun horretan bertan, goizean, telefono mugikorra eta txartelak eta dokumentazioa zituen diru-zorroa lapurtu zizkioten Andoainen kalean aparkatuta zuen ibilgailutik. Txartel horietako batekin 700 euroko iruzurrezko zordunketak egin zituen, zehazki eskudirutan 600 euro atera zituen eta 100 euroko erosketak egin zituen.
Lapurtu gisa salatutako objektuak, susmagarriak zituenak, haien legezko jabeei itzuli zizkieten, eta ustezko lapurra, magrebtar jatorriko 26 urteko gaztea, atxilotu egin zuten.