26_0299 Gizon bat atxilotu dute Donostian pisukide bat labanaz lepoan zauritzeagatik

Ertzaintzako agenteek gazte bat atxilotu dute gaur arratsaldean Gipuzkoako hiriburuan, hilketa saiakera egotzita. Antza denez, eztabaida bat izan da pisukideen artean, eta batek besteari eraso egin dio arma zuri batekin, eta lepoan zauritu du.

Arratsaldeko bostak pasata, Donostiako Altza auzoko etxebizitza batean polizia bertaratzea eskatu dute, lepotik odola zerion pertsona bat zaurituta zegoelako. Berehala, Ertzaintzaren hainbat patruila bertaratu dira.

Agenteek 27 urteko gazte magrebtar bat aurkitu dute, lepoan zauri bat zuela. Bertaratu diren osasun-langileak arduratu dira lehen arreta emateaz eta anbulantzian Donostia Ospitalera eramateaz.

Lehen informazioen arabera, eztabaida bat izan da biktimaren eta pisukide baten artean, eta azken horrek labana batekin zauritu du lepoan. Jarraian, erasotzaileak etxetik alde egin du.

Handik gutxira, gertakarien ustezko egilea aurkitu dute handik gertu, eta atxilotu egin dute, hilketa saiakera egotzita.

Atxilotua, 26 urtekoa eta magrebtar jatorrikoa, epailearen esku utziko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitzen direnean.