26_0301 Hiru gizon atxilotu dituzte Laudion ibilgailuetan lapurreta egiteagatik

Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu Laudion, ibilgailuetan indarra erabiliz lapurreta egiteagatik; bi gizon, 29 eta 35 urtekoak, hainbat objektu, besteak beste, Bilbon aparkatutako auto batetik lapurtutako urrezko hainbat bitxi, zituztelako, eta hirugarren bat, 43 urtekoa, Arabako herri horretan larunbat goizaldean egindako antzeko beste lapurreta batengatik.

Joan den larunbatean, gaueko bederatzi eta erdiak aldera, Laudioko Ertzain-etxeari jakitera eman zioten Bilboko Abando auzoan aparkatuta zegoen ibilgailu batetik, besteak beste, musika-gailu elektroniko bat lapurtu zutela eta Laudioko kale bateko eraikin batean geolokalizatuta zegoela. Lapurreta egun horretako goizean bertan gertatu zen, Bilboko Udaltzaingoan jarritako salaketa baten arabera.

Hortik abiatuta, zegokion ikerketa hasi zuten delitu hori argitzeko. Eremura inguratu ziren patruilek ondarearen aurkako delituengatik polizia-aurrekariak dituzten eta adierazitako etxean bizi diren bi pertsona atzeman zituzten. Polizia-baliabideek egiaztatu ahal izan zuten urrezko eraztun bat eta zintzilikario bat zuen kate bat zeramatzatela, kirol-oinetako batzuez gain. Objektu horiek Bizkaiko hiriburuan aparkatutako ibilgailu batetik lapurtu zituzten. Ebidentzia horien aurrean, magrebtar jatorriko 29 eta 25 urteko bi gizonak indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta atxilotu zituzten.

Polizia-izapideak amaitu ondoren, bi atxilotuak gaur jarri dituzten agintari judizialaren eskuetan. Ertzaintzak berreskuratutako materiala itzuli dio lapurreta egindako autoaren jabeari.

Lapurreta Laudion aparkatutako ibilgailu batean

Bestalde, larunbat goizaldeko hiruak laurden gutxi aldera, herritarrak babesteko lanetan ari zen patruila batek ikusi zuen Karmengo Ama kalean pertsona bat zokomiran eta autoetan begira ari zela.

Jokabide hori ikusita, identifikatu egin zuten, eta une horretan iritsi zen Udaltzaingoaren dotazio batek ertzainei jakitera eman zien gau horretan bertan indarra erabiliz lapurreta egin zutela Lateorro auzoko aparkaleku batean zegoen ibilgailu batean. Identifikatu zuten gizonaren gauzen artean, gero egiaztatu ahal izan zutenez, ibilgailu horretatik hartutako eguzkitako betaurreko batzuk zeuden. Lapurreta egiteko, kopilotuaren ateko leihoa hautsi zuen.

Inplikatua magrebtar jatorriko 43 urteko gizona da, polizia-aurrekariak dituena batez ere jabetzaren aurkako egitateengatik, eta indarra erabiliz lapurreta egiteagatik atxilotu zuten. Atxilotua larunbatean bertan eraman zuten Amurrioko Epaitegira, zegozkion eginbideak amaitu ondoren.

Aipatutako betaurrekoak jada itzuli dizkiote legezko jabeari.