Ertzaintzak, Gernikako Udaltzaingoarekin lankidetzan, 43 urteko gizon bat atxilotu du kalean aparkatuta zeuden bi ibilgailutatik erremintak eta obrako materiala eta salmenta-makina automatiko batetik produktuak lapurtzeagatik.
Atzo, osteguna, goizeko lehenengo orduan, Ertzaintzak jakin zuen Gernikako erdialdeko kale batean aparkatuta zeuden bi autotan lapurreta egin zutela.
Gernikako Ertzain-etxeko patruila bat bertaratu zen egitateak egiaztatzera, eta bidean ohartu zen kaleko produktuen salmenta-makina bat behartuta zegoela eta barruko produktuak lapurtu zituztela. Era berean, lapurreta jasan zuten bi autoek behartu izanaren zantzuak zituzten eta, gero salatu zutenaren arabera, obrako materiala eta erremintak lapurtu zituzten.
Ertzaintzak eta Gernikako Udaltzaingoak egindako baterako lanaren ondorioz atxilotu zuten ustezko lapurra goizeko bederatziak aldera. Atxilotuak ibilgailuetatik lapurtutako hainbat objektu zeramatzan, eta legezko jabeei itzuli zizkieten.
Atxilotua espainiar nazionalitateko 43 urteko gizona da, ondarean aurkako delituak errepikatu dituena, eta polizia-egoitzara eraman zuten eta, beharrezko eginbideak amaitutakoan, epailearen eskuetan jarri zuten.