Categorías: albisteak-berriak

eLiburutegia % 32 hazi da hiru urtean, eta Euskadin kultura eskuratzeko beste modu gisa finkatu da

Liburutegi digital publikoak 165.000 mailegu baino gehiago egin ditu 2025ean, eta erabilera indartu da herritarren artean. Dohainik eta edozein gailutatik erabil daiteke, eguneko 24 orduetan urteko 365 egunetan

Liburuaren Egunarekin bat, jakinarazi da Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Euskadiko liburutegi digital publikoak, eLiburutegiak, hazten jarraitzen duela eta herritarrek gero eta gehiago erabiltzen dutela. 2025ean, zerbitzuak 165.464 mailegu digital egin ditu, hau da, 2024an baino % 12,38 gehiago eta 2022an baino % 32 gehiago. Hortaz, 2025ean, zerbitzuak inoizko erabilerarik handiena izan du, 2020. urtekoa ere gaindituta.

Hazkunde hori erabiltzaileen kopuruan ere islatzen da: 2025ean, 20.947 pertsonak erabili dute modu aktiboan plataforma, aurreko urtean baino % 15 gehiagok eta duela hiru urte baino % 33 gehiagok. Gainera, alta berrien kopuruan oso hazkunde handia izan da: 11.946 pertsonari alta eman zaie zerbitzuan 2025ean, 2024an baino % 32 gehiago dira eta 2022an baino bi aldiz gehiago dira (% 104). Agerian geratzen da, beraz, gero eta zabalduago dagoela formatu digitaleko kultura.

Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren iritziz, datu horiei erreparatuta, “eLiburutegia zifretan handitzeaz gain, argi dago gero eta jende gehiagok baliatzen duela kultura publiko digitala eta hura txertatzen duela bere eguneroko bizitzan”. Ildo horretan, aditzera eman duenez, “gaur egun kultura publikoa ere herritarren poltsikoan dago, doakoa eta edozein unetan eskuragarria baita”.

 

Liburutegia poltsikoan

eLiburutegiari esker, erraz eskura daiteke kultura-eskaintza digital zabala. Plataformaren bidez, liburutegi-txartela duen edonork liburu elektronikoez, audioliburuez, aldizkariez, zinemaz eta beste eduki digital batzuez goza dezake, mugikorretik, tabletetik edo ordenagailutik.

Zerbitzua eskuragarri dago eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, joan-etorrien eta itxaronaldien beharrik gabe, eta itzulketak eta zigorrak ezabatzen dituen mailegu-sistema automatikoaren bidez. Erabiltzaileek gustukoen dituzten obrak gorde ditzakete, zerrenda pertsonalizatuak sor ditzakete eta obra berriak proposa ditzakete, izaera publikoa, hurbila eta parte-hartzailea indartuta.

Bengoetxea lehendakariordearen hitzetan, “kultura-sistema egungo bizi-ohituretara egokitzen ari gara, eta irakurtzeko, entzuteko eta edukiak eskuratzeko modu berriak errazten ari gara, publikoaren balioei uko egin gabe”. Era berean, “bizi garen lekuan bizi garela ere, pertsona guztiok modu berean eskuragarri dugu kultura, baita ingurune digitalean ere”.

 

Hazten ari den katalogoa eta benetako erabilera

eLiburutegiaren katalogoa 36.145 titulura iritsi da 2025ean, hau da, 2022an baino % 38 titulu gehiago. Eskaintzak euskarazko, gaztelaniazko eta beste hizkuntza batzuetako edukiak biltzen ditu, eta etengabe gehitzen dira argitalpen-nobedadeak eta erreferentziazko obrak.

Erabilerari buruzko datuek fikzioaren aldeko joera islatzen dute. Gehien eskatzen diren generoak eleberria, intriga eta haur- eta gazte-literatura dira, eta horrek agerian uzten du zerbitzuaren zeharkako erabilera.

2025ean gehien mailegatu diren tituluen artean daude David Uclesen La península de las casas vacías edo Ibon Martinen Alma negra, erabiltzaileen artean harrera handia izan duten beste titulu batzuekin batera. Euskaraz irakurrienen artean daude Karmele Jaioren Maitasun kapitala eta Miren Amurizaren Pleibak. Argi ikus daiteke euskaraz irakurtzeko interesa eta formatu digitalean eskuragarri dagoen eskaintzaren aniztasuna.

Haur- eta gazte-literaturaren arloan, maileguen bolumen handia ere nabarmentzen du txostenak, eta horrek berresten du zerbitzuak familia-ingurunean duen erabilera. Audioliburuei dagokienez, datuek erakusten dute estatuko zein nazioarteko egileen obren presentzia handia dela gehien entzuten diren liburuen artean. 

Kultura publikoa modu digitalean ere bai

eLiburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen parte da, eta funtsezko pieza da liburutegi-sistema kultura-ohitura berrietara egoki dadin. Zerbitzuak kulturaren eskuragarritasun unibertsala, doakoa eta ekitatiboa bermatzen du, eta aldi berean ingurune digitalean euskararen presentzia indartzen du. Lehendakariordeak, amaitzeko, adierazi duenez, “gero eta jende gehiagok eLiburutegia ezagut dezan eta beren egunerokotasunean txerta dezan nahi dugu. Liburutegi-txartela baduzu, milaka kultura-eduki eskura dituzu, erraz eta doan”.

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea zifretan

Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak bere jarduera sendotzen jarraitzen du: azken hiru urteetan % 17,8 gehitu dira maileguak, eta 2025ean 2.837.820 mailegu izan ziren, paperezko formatua nagusi izanik, argi eta garbi. Gainera, liburutegien arteko 449.929 mailegu baino gehiago erregistratu ziren 2025ean, eta, hala, erabiltzaileek sare osoko funtsak eskura ditzakete.

Sareak 1.056.255 erabiltzaile ditu, eta 39.501 alta berri baino gehiago izan ziren azken urtean. Sarea 204 udalerritako (guztira 252 udalerri dira) 335 udal-liburutegik osatzen dute, 8.518.171 aleko funtsarekin.

eLiburutegiaren datu nagusiak (2022–2025)

 Hazkundea eta erabilera

  • 165.464 mailegu digital 2025ean (2024an baino % 12,38 gehiago; 2022an baino % 32 gehiago)
  • 20.947 erabiltzaile aktibo 2025ean (2024an baino % 15 gehiago; 2022an baino % 33 gehiago)
  • 11.946 erabiltzaile berri 2025ean (2024an baino % 32 gehiago; 2022an baino % 104 gehiago)

Katalogoa eta edukiak

  • 36.145 titulu eskuragarri 2025ean (2024an baino % 7,85 gehiago; 2022an baino % 38 gehiago)
  • Liburu elektronikoetako eta audioliburuetako 312.439 lizentzia 2025ean.

 Edukien banaketa 2025ean:

  • 35.459 liburu elektroniko
  • 1.277 audioliburu
  • 693 aldizkari
  • 3.543 film
  • 69 serie

Erabiltzaileen profila eta ohiturak

  • Batez beste erabiltzaileko 7,89 mailegu 2025ean
  • Erabilerarik handiena 40 eta 69 urte bitarteko pertsonen artean izan da, batik bat 50–59 tartean
albisteak

Compartir
Publicado por
albisteak

Entradas recientes

Osakidetzak eta Bilboko Udalak emakumeak erretzeari uztera animatzeko jarduerak bultzatu dituzte

«Neure burua aukeratzen dut, kea albo batera uzten dut» lelopean, erretzeari uzteak osasunerako dakartzan onurei…

3 horas hace

12 agente Barakaldoko Udaltzaingoaren plantillan sartu dira

Barakaldoko Udalak harrera egin zien atzo 2023ko eta 2024ko EPEetan eskainitako plazen bidez hirira iristen…

3 horas hace

Udaltzaingoak eta Ertzaintzak estrategia bateratua indartu dute, Gasteizko delinkuentzia-datuak aztertu ondoren

Segurtasuna Koordinatzeko Batzordeak 2025eko Vitoria-Gasteizko delinkuentzia-datuen bilakaera eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak intzidentzia handiena duten eremuetan…

3 horas hace

Justizia eta Giza Eskubideen Sailak Estatu osoarekin partekatutako gerrako eta diktadurako biktimen erroldan laguntzeko asmoa agertu du

Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak Memoria Demokratikoaren Lurralde Kontseiluko bileran parte hartu du gaur Justizia…

3 horas hace

Gizon bat atxilotu dute Zamalanda parkean indarkeriaz lapurtzeagatik

El individuo, de 25 años, ha sido detenido por agentes de la Policía Local, mientras…

3 horas hace

Donostiak estatu modaren gune gisa sendotuko du bere posizioa, besteak beste, Baro Lucas, Luis Infantes, Isabel Sanchis eta Sophie et voilàri esker

Parte hartzen duten estatuko eta nazioarteko markei ez ezik, 2026ko udaberri/udako Donostiako Moda Jaialdiaren edizioak…

3 horas hace