Hondarribiko Udalak San Pedro kalean eta Beleztarren Markes kalean espazio publikoa irisgarriago egiteko lanak hasi ditu. Jarduketa hau udalerriko terrazen ordenantzaren garapenaren barruan kokatzen da, eta helburu bikoitza du: batetik, espazio publikoaren irisgarritasuna bermatzea eta, bestetik, ostalaritza jarduerarako baldintzak erraztea.
Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, neurri hau herritarren parte-hartze prozesuan jasotako ekarpen baten emaitza ere bada: “terrazen ordenantza egiteko prozesuan alegazio bat jaso genuen, eta ontzat jo genuen, irtenbide erabilgarri eta orekatua delakoan”.
Esku-hartze honen bidez, oinezkoentzako ibilbide irisgarri berriak egokituko dira, lurzoruan baldosa podotaktilak jarriz. Elementu horiek funtsezkoak dira ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat; izan ere, norabidea antzematen eta oztopoak aurrez identifikatzen laguntzen dute, kalean modu autonomo eta seguruan mugitu ahal izateko.
Urtizbereak azaldu duenez, “indarrean dagoen espazio publikoen irisgarritasun-baldintzei buruzko araudiak ezartzen du oinezkoentzako ibilbideak jarraituak, seguruak eta irisgarriak izan behar dutela, bereziki ikusmen-arazoak dituzten pertsonentzat. Horregatik, fatxadaren ondoko espazioa libre mantendu behar da -gutxienez bi metro-, eraikinen lerroa erreferentzia eta orientazio elementu nagusietako bat baita pertsona horientzat”.
Hala ere, zinegotziak azpimarratu duenez, araudiak aukera ematen du terrazak fatxadetara gehiago hurbiltzeko, baldin eta oinezkoentzako ordezko ibilbide irisgarri bat modu argi, seguru eta egokian bermatzen bada. Testuinguru horretan, Hondarribiko Udalak lanketa teknikoa egin du, eta ondorioztatu du irisgarritasuna bermatuko duten luzetarako franja-gidak egingarriak direla San Pedro eta Beleztarren Markes kaleetan.
“Obra honi esker, alde batetik, oinezkoentzako ibilbide irisgarria bermatuko da, eta bestetik, San Pedro eta Beleztarren Markes kaleetako ostalaritza-establezimenduek terrazak fatxadetara gehiago gerturatzeko aukera izango dute”, nabarmendu du Urtizbereak. “Lan hauek Udal-gobernu honen konpromisoa berresten dute irisgarritasuna, bizikidetza eta jarduera ekonomikoa uztartzeko bidean, herritarren ongizatea erdigunean jarriz”.
Obrak martxan dira dagoeneko, eta hamar eguneko epean amaitzea aurreikusten da.