Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Elixabete Etxanobek, Plentziako alkatearekin batera, Txipio auzoaren ingurua berrantolatzeko proiektua aurkeztu du gaur, udalerriko eremu horretako bide-segurtasuna, irisgarritasuna eta mugikortasun jasangarria nabarmen hobetzea ahalbidetuko duen jarduketa estrategikoa.
Proiektuaren arabera BI 2122 errepidean biribilgune bat eraikiko da, Txipio auzorako sarbide berriak egingo dira eta Metroaren erabilerari lotutako disuasio-aparkaleku bat egingo da, 80 plaza baino gehiago izango dituena. Horrez gain, esparruaren hiri-hobekuntzarako eta hobekuntza funtzionalerako beste jarduketa batzuk egingo dira.
Esku-hartzeak beste bultzada bat emango dio mugikortasun jasangarriari, batez ere bizikletaren erabilerari, egungo bizikleta-bideen sarea lotzeko eta finkatzeko foru estrategiaren ildotik. Ildo horretatik proiektuak barne hartzen du BI 2122 errepidean badia-formako bi autobus geraleku ezartzea, bat noranzko bakoitzean, eta horri esker autobusek zirkulazioa oztopatu gabe egin ahal izango dituzte geldialdiak. Halaber, azpiegitura berriak Gorliz-Plentzia lineak biribilgunean bertan noranzkoa aldatzea erraztuko du, zerbitzuaren eraginkortasuna hobetuz.
Biribilgune berriaren helburu nagusia trafikoa baretzea da, batez ere Barrikatik datorrena, trazadura deszentratu baten bidez abiadura murriztera behartuz. Neurri honek zuzenean lagunduko du bide-segurtasuna areagotzen, bereziki inguruan dagoen oinezkoen pasabidean.
Plentziatik iristen diren ibilgailuen kasuan sarrera ibilbide zuzenean egiten da eta ikuspena dagoen bihurguneak baldintzatuta dago; hori dela eta oinezkoentzako bidegurutzearen semaforo-erregulazioari eutsiko zaio eta, aldi berean, seinaleak indartuko dira aldez aurretik biribilguneaz eta oinezkoen pasabideaz ohartarazteko.
Biribilguneak, gainera, Metroaren disuasio-aparkalekurako eta Txipio auzorako sarbideak erraztuko ditu, trafikoaren arintasuna eta eremuaren irisgarritasuna hobetuz.
Hiri-berrantolaketa eta mugikortasun jasangarria
Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako Foru Sailaren jardunak barne hartzen du Txipioko egungo sarbidearen eta aparkalekuaren inguruaren berrantolaketa eta urbanizazio integrala, kasu honetan oinezkoentzako espazio berriak eta bizikletak aparkatzeko eremuak eraikiz, aparkaleku-plazen kopurua handituz eta taxi-geltoki bat eta Plentziako pasabidetik Txipio bideraino dagoen bizikleta-ibilbideari jarraipena emango dion bidegorri bat jarriz.
Proiektua osatzeko Txipioko paduraren ingurune naturalean integratzeko hainbat ingurumen-neurri hartzen dira. Neurri horien artean, besteak beste, marea-erregimena lehengoratzeko jarduketak, drainatze jasangarriko sistemak, areka berdeak, iragazketa-zangak, aparkalekuetako zoladura ekologikoak eta paisaia-integrazioa errazten duten landaketak nabarmentzen dira.
Jarduketak 2.438.541,89 euroko lizitazio-aurrekontua du, Bizkaiko Foru Aldundiak (1.341.629,76 €) eta Plentziako Udalak (1.096.912,13 €) finantzatuta. Aurreikuspenen arabera obrak uda amaitu ondoren hasiko dira, ziurrenik irailean, eta lanak gauzatzeko 12 hilabete beharko dira.
Proiektu honekin Bizkaiko Foru Aldundiak mugikortasun seguruago, jasangarriago eta eraginkorrago baten aldeko konpromisoa indartzen du eta, era berean, Plentziako hiri-ingurunearen eta bertako herritarren bizi-kalitatearen hobekuntzarekin duen konpromisoa sendotzen du irisgarritasun-, segurtasun- eta natura-ingurunearekiko errespetu-irizpideak txertatuz.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak lankidetza-akordio berri bat aurkeztu dute gaur, BilbaoArte arte ekoizpeneko…
BIOSPAIN 2026 ekimena aurkeztu da Bilbao Exhibition Centren (BEC), Espainiako sektore bioteknologikoaren erreferentziazko hitzordua eta…
Nafarroako Gobernuak, Funtzio Publikoaren Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, A eta C mailetako Administrazio Nukleorako lau deialdi…
Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari José Luis Arastik, Zuzendari Gerente Óscar Martínez de Bujandak eta Pertsona…
Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako kontseilaria den Mikel Irujo Amezaga eta Landa Garapen…
El consejero de Educación, Carlos Gimeno, participa en la apertura del X Encuentro Estatal de…