Debabarrenak biziberritze-bidean aurrera egin du, Eskualdeko Plan Estrategikoaren esparruan 16 milioi euro baino gehiago gauzatuta

  • Talde Motorra Elgoibarren bildu da, Lehentasunezko Jarduera Eremuaren bide-orrian jasotako proiektuen eta jarduketen azken urteko bilakaeraren berri emateko.

Elgoibarko Makina Erremintaren Museoan egin da gaur Debabarreneko Eskualdeko Plan Estrategikoaren (EPE) lehen jarraipen saioa. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek eta Lehentasunezko Jarduera Eremua osatzen duten zortzi udalek parte hartu dute topaketan: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze.

Saioan, EPEren lehen jarraipen-txostena aurkeztu da, Planaren lehen urteko hedapenean lortutako aurrerapenak jasotzen dituen dokumentua. Ibilbide-orria Eusko Jaurlaritzaren Lehentasunezko Jarduera-eremuen estrategian kokatzen da, eta Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien lidergo partekatua eta Debabarrenako udaletxeen parte hartzearekin garatzen da.

Jarraipen txostenak Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek Debabarrenaren garapenarekin duten konpromisoa islatzen du. Lehentasunezko Jarduera Eremurako aurreikusitako zuzkidura 142,2 milioi eurotik 146,5 milioi eurora eguneratu da; horrek esan nahi du 4,3 milioi euro gehiago gehitu dirala planaren hedapena indartzeko. Gehikuntza hori jarduketa bakoitzaren ardura duten sailek hartuko dute beren gain, beren ohiko aurrekontuen barruan.

Orain arte, EPEren esparruan 16.096.380,47 euro gauzatu dira. Planean jasotako 31 proiektu eta jarduketetatik, 6 amaituta daude, 21 gauzatze fasean ari dira eta 4 hasteko daude.

Planak sei jarduera-eremu ditu:

  1. Industria modernizatzea eta lurzorua eta industria-eraikinak berreskuratzea.
  2. Dibertsifikazio ekonomikoa: turismoaren eta merkataritzaren sektorea.
  3. Dibertsifikazio ekonomikoa: kultur sektorea.
  4. Enplegua eta Lanbide-Heziketako proiektuak.
  5. Hiri-berroneratzea eta gizarte-babesa.
  6. Ingurumena eta mugikortasun jasangarria.

Jarduera-eremu horien bidez, EPEK Debabarreneko lehiakortasun ekonomikoa indartu nahi du, konektibitatea hobetu, hiri eta gizarte kohesioa bultzatu, lurraldearen jasangarritasunean aurrera egin eta herritarrentzako eta ekoizpen sarearentzako aukera berriak sortu.