Maiatzeren 7tik 24ra
Poltsiko Antzerki Jaialdia formatu txiki eta ertaineko antzerki-ikuskizunen erakustaldia da, eta urtero egiten da Donostiako auzoetako taberna eta lokaletan. Aurten, maiatzaren 7tik 24ra egingo da, hiru astetan zehar, ostegunetik igandera. Umorea, kabareta, magia, bakarrizketak, musika… izango dira jaialdiaren osagai nagusiak
Guztira, 17 konpainiak 30 emanaldi eskainiko dituzte; horietatik 8 emakumezkoenak, 6 gizonezkoenak eta 3 mistoak. Emanaldiak hiriko 27 gunetan banatuko dira. Antzezlan horien artean daude Idoia Garzes eta Mikel Martínezen ‘Taxi’ obra, Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren irabazlea, eta Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberen Euskal musikarekin, kontuz!, finalista izan zena, biak euskarazkoak.
Poltsiko Antzerki Jaialdiaren itxiera festa
Jaialdiaren azken ostiralean, maiatzaren 22an, Poltsiko Antzerki Jaialdiaren itxiera festa ospatuko da Convent Gardeneko kriptan, proposamen bikoitzarekin: Demodé Quarteten A kupela, munduko folklorean zehar bidaia musikal dibertigarria, eta Los gandules taldearen Extravagancia, zeinek, gitarrez horniturik, abesti ospetsuen sasi-bertsio musikalak interpretatuko baitituzte.
Gonbidapenak egun berean jaso ahal izango dira 11:30etik aurrera webgunean eta Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan.