Jardunaldiaren barruan, dastaketak, produktuen salmenta eta sentsibilizazio-ekintzak egingo dira, Gipuzkoa plazan.
Bidezko Merkataritzaren mugimenduak 40 urte bete ditu, ekitatean, jasangarritasunean eta giza eskubideekiko errespetuan oinarritutako merkataritza eta kontsumo eredu bat bultzatuz. 1986an lehenengo denda espezializatua ireki zenetik, ikuspegi hori Gizarte Ekonomiari buruzko Lege Integralak aitortutako alternatiba gisa finkatu da, eta lege horrek trantsizio sozioekologiko zuzen baterantz aurrera egiteko eredu berritzaile gisa identifikatzen du.
Jarduera-programa
Bidezko Merkataritzaren Munduko Eguna dela-eta, maiatzaren 9an, larunbatarekin, 10:00etatik 14:00etara, ekintza-programa bat gauzatuko da Donostiako Gipuzkoa plazan. Herritarrek elikagaiak, arropa eta kosmetika probatzeko eta erosteko aukera izango dute, eta, horretaz gain, kontsumo arduratsua eta jasangarria sustatzeko lantegietan parte hartu ahal izango dute. Bestalde, maiatzaren 7an, ostegunarekin, 19:00etan, Arrupe aretoan, Frutos amargos filmari buruzko zine-foruma izango da.
Testuinguru horretan, Iñigo García zinegotziak adierazi duenez, «Bidezko Merkataritzak erakusten du posible dela ekoizleak erdigunean jartzen dituen eredu ekonomiko bat izatea, baldintza duinak bermatzen dituena. Jardunaldi honekin gogorarazi nahi dugu kontsumoaren arloan hartzen ditugun erabakiek eragin zuzena dutela desberdintasunen murrizketetan eta kontsumitzen ditugun produktuak ekoizten dituztenen bizitzaren hobekuntzan.»