26_0356 Hiru lagun atxilotu dituzte Gasteizen arma zuriz egindako eraso batengatik

Ertzaintzako agenteek 40, 21 eta 20 urteko hiru gizon atxilotu zituzten bart Gasteizen, Alde Zaharrean beste gizon bati arma zuri batekin eraso egin ondoren. Biktimari aurpegian ebaki bat egin zioten, eta ospitalera eraman zuten.

Gertakariak atzo, ostirala, izan ziren, 23:00ak aldera. Biktimak berak deitu zuen larrialdietako telefonora, arma zuri batekin aurpegian eraso egin ziotela jakinarazteko. Egileek, hiru pertsona antza, ihes egin zuten.

Herritarren Babeserako patruilak gertakarien lekura joan ziren, Gasteizko Alde Zaharreko kale batera, eta anbulantzia bat eskatu zuten 32 urteko zauritua ospitalera eramateko, masailalbo-hezurrean ebaki bat baitzuen.

Aldi berean, agenteek ustezko egileak bilatu zituzten, eta pertsona talde baten artean aurkitu eta identifikatu zituzten, Buruileria plazan. Haietako batek odol-orbanak zituen arropetan, eta beste batek labana bat bota zuen lurrera, ertzainek hartu zutena.

Hiru pertsona atxilotu zituzten, lesio-delitu bat egotzita. Atxilotuak eta biktima magrebtarrak dira, eta polizia-aurrekariak dituzte. Atxilotuak epailearen esku utziko dituzte ertzain-etxean izapideak amaitutakoan.