26_0358 Ertzaintzak, Udaltzaingoarekin lankidetzan, gizon bat atxilotu du Donostian, hainbat oinezkori la ana batekin erasotzen saiatzeagatik

Ertzaintzako eta Donostiako Udaltzaingoko agenteek 64 urteko gizon bat atxilotu dute gaur eguerdian Gipuzkoako hiriburuan, hainbat herritarri labanaz eraso egiten saiatzeagatik. Erasoan ez da biktimarik zauritu, eta agenteek berehala murriztu dute erasotzailea.

Gertakariak eguerdiko hamabiak baino minutu batzuk geroago izan dira, Donostiako Antso Jakitunaren hiribidean. Pertsona batek Ertzaintzari jakinarazi dionez, gizon bat gazte bat sastatzen saiatu da, eta oinezkoak mehatxatzen ari zen, eskuan labana bat zuela.

Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak berehala bertaratu dira, eta magrebtar jatorriko pertsona atxilotu dute, beharrezko indarra erabiliz, arrisku egoera zela eta; izan ere, gizona aztoratuta zegoen eta arma zuri bat zeraman.

Lekuko batzuek agenteei egindako lehen adierazpenen arabera, ihes egin behar izan dute erasotzailearengandik. Antza denez, erasotzaile horrek gazte bat harrapatu du, eta haren paretik igarotzean jo egin du, zauririk eragin gabe. Era berean, oinezko batzuei eraso egiten saiatu da, besteak beste, adineko bi pertsonari.

Une honetan, Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari da, eraso saiakera horren arrazoiak zehazteko. Horregatik, laguntza eskatu die alde egin duten biktimei edo gertakariaren lekukoei.

Atxilotua, 64 urtekoa eta jatorri magrebtarrekoa, epailearen esku utziko dute beharrezko polizia-eginbideak amaitzen direnean.