Euskalmeten arabera, apirila oso beroa izan da eta prezipitazioari dagokionez ohikoa

Prezipitazioari dagokionez, orokorrean ohikoa izan den arren, ñabardurak daude eremuaren arabera; kostaldean eta Bizkaia barnealdean lehorra izan da eta hezea Arabako hegoaldean

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, apirila ohikoa izan da prezipitazioari dagokionez, baina ñabardura batzuekin, lehorra izan baita itsasertzean eta Bizkaia barnealdean eta hezea Araba hegoaldean, eta oso beroa batez besteko tenperaturari dagokionez.

Euskalmeten arabera, balio altuenak isurialdeen banalerroan (Urkiola 180.8 l/m², Zegama 162.1 eta Otxandio 161.1) eta Gipuzkoako ipar-ekialdean, Nafarroako mugan (Berastegi 171.1 l/m² eta Añarbe 169.7) metatu ziren. Balio baxuenak ezohikoak izan dira, eta 60 l/m² baino gutxiago pilatu dira Bizkaian, batez ere ipar-mendebaldean (Arboleda 47 l/m², Zalla 51.2, Larrainazubi 55.1, Galindo 53 eta Zorrotza 57.7); balio horiek Arabako Errioxakoen antzekoak izan dira (Moreda 53.4 l/m² eta Páganos 53.6).

Euri-egun kopurua, orokorrean, klimatologia batezbestekoaren antzekoa izan da, Arabako Errioxan eta Gipuzkoako ekialdean izan ezik; bertan ohikoa baino 3-4 egun gehiago izan dira. Gainera, bi egunetan prezipitazioa oso ugaria izan zen, zehazki hilaren 3an eta 26an, eta bigarren egun hori izan da hilabeteko egunik euritsuena, lurralde osoan batez bestekoa 19 l/m² izanik.

Tenperaturari dagokionez, apirila oso beroa izan da. Batezbesteko tenperatura kostaldean 14-15 ºC ingurukoa izan da eta Arabako Lautadan 11-12 ºC ingurukoa, gutxi gorabehera 1991-2020 aldiko batezbestekoa baino 2,1 ºC altuagoa. Mende honi dagokionez, aurtengo apirila laugarren lekuan dago, 2011, 2020 eta 2015ekoen atzetik.

Tenperatura minimoei dagokienez, gaueko tenperatura oso altua izan zen hilabeteko azken bi egunetan, eta kostaldetik gertu dauden lekuetan 17 ºC-tik gorakoak izan ziren. Bi egun horietan, bereziki hilaren 30ean, apirileko serieen errekorra gainditu zen hainbat estaziotan (Higer 19.5 ºC, Oleta 19, Behobia 18.8, Zorrotza 18.3, Galindo 18.3 eta Arteaga 18.0).

Bestalde, apirileko tenperatura maximo absolutuak egun ezberdinetan jazo ziren, eta hilaren 25a eta hilabeteko azken hiru egunak dira nabarmentzekoak. Horrela, hilaren 25ean 25 ºC-ak gainditu ziren barnealdeko eremu zabaletan (Ordunte 29.6 ºC, Urkulu 29.1, Etura 28.9, Berna 28.9, Saratxo 28.7 eta Arrasate 28.4). Kantauri isurialdean, batez ere itsasertzean, maximo gehienak hilaren 28an, 29an eta 30ean neurtu ziren (Sodupe-Cadagua 28.3 ºC, Zizurkil 27, biak hilaren 28an; Oiartzun 28 ºC, hilaren 29an; eta Higer 27.5 ºC eta Behobia 27.3, biak hilaren 30ean).

Tenperatura horiekin batera, urte-sasoi honetarako ohikoa dena baino handiagoa izan da intsolazioa, eta eguzki-orduak % 10-30 gehiago izan dira. Igoerarik handiena Bizkaiko mendebaldean izan da, eta Gipuzkoako ekialdean, berriz, ohiko balioetatik hurbilago ibili dira. Hiriburuz hiriburu, Bilbok 181 eguzki-ordu izan ditu, Donostiak 180 eta Gasteizek 197.

Muturreko meteorologiari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak 11 abisu hori aktibatu zituen apirilean, 2 prezipitazio handiengatik, 3 haizeagatik haizeguneetan, 3 haizeagatik haizeguneak ez diren lekuetan, 1 izotzagatik eta 2 baso-sute arriskuagatik.