Ertzainek 23 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean Donostian, iruzur-delitu bat eta ebasketa-delitu bat leporatuta, gaueko aisialdiko lokal batean bi kreditu-txartel eta beste gauza batzuk zituen poltsa bat lapurtu eta txartelak establezimenduan bertan kontsumizio batzuk ordaintzeko erabili ondoren.
Gaur, ostirala, goizaldeko hiruak aldera, Ertzaintzaren patruila bat Gipuzkoako hiriburuko diskoteka batera joan da, lokaleko segurtasun-arduradunak deitu ondoren gizon batek establezimendu barruan poltsa bat lapurtu duela esanez.
Bertaratu diren agenteek pertsona batekin hitz egin dute, eta honek esan die bere mugikorrean bankuko kontuan egindako zordunketa baten abisua jaso duela eta berak ez duela zordunketa hori egin. Dirudienez, une jakin batean pertsona hori poltsa falta zaiola konturatu da. Poltsan kreditu-txartela eta beste hainbat gauza zituen, bai eta lagun baten diru-zorroa, kreditu-txartelarekin, eta beste gauza batzuk ere.
Pertsona horrek lokaleko segurtasun-jagoleei jakinarazi die, eta hauek zerbitzariekin egiaztatu dute pertsona bat barran hirugarren baten txartelarekin kontsumizio bat ordaindu nahian ari zela.
Agenteek egiaztatu dute bi pertsona horiei lapurtutako bi txartelak erabiliz hainbat ordainketa egin dituztela, eta ordainketa horiek egin dituen gizona atxilotu dute ebasketa eta iruzur delituak leporatuta.
Atxilotua, 23 urtekoa, poliziaren egoitzara eraman dute dagozkion izapideak egiteko. Ondoren, aske utzi dute, eta Aginte judizialak noiz deituko zain dago.