Bilbon atxilotu dute oinezko bati gama altuko erloju bat lapurtu ondoren

Ertzaintzako agenteek gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, Bilboko Indautxu auzoan oinezko bati indarkeria erabiliz erlojua lapurtzea leporatuta. Europa Leagueko partida dela-eta hedatutako prebentziozko dispositiboari esker, lapurreta egin eta handik laster aurkitu ahal izan dute susmagarria.

UEFA Europa Leagueko finala dela-eta Bilbon instalatutako segurtasun-kamerei begira zeuden agenteek ikusi dute pertsona bat beste baten atzetik korrika zihoala Indautxu auzoan.

Delitu-egintzaren bat izan zitekeela pentsatuta, hainbat patruila bertaratu dira eta biktimarekin harremanetan jarri dira. Gizonak salatu duenez, beste gizon batek lapurreta egin dio telefono-dei bat egiten ari zenean. Kolpatu ondoren, lurrera bota du eta jantzita zeraman gama altuko erlojua, 40.000 euro inguruko balioa duena, lapurtu dio.

Polizia-baliabideek ingurua miatu dute, eta zuhaixka batzuen atzean ezkutatuta aurkitu dute ustezko lapurra. Agenteek susmagarria identifikatu eta atxilotu dute, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta; izan ere, zuhaixken artean aurkitu dute lapurtutako erlojua.

Atxilotua, 43 urtekoa, Ertzaintzaren egoitzara eraman dute dagozkion polizia-eginbideak irekitzeko. Horiek amaitu ondoren, agintari judizialaren eskuetan jarriko dute.