Beasaingo udaltzainek 20 urteko gizon bat atxilotu dute gaur goizaldean, emakume bati sexu-erasoa egitea egotzita. Ondoren, biktimak Oriako ertzain-etxean jarri du salaketa.
Sexu-erasoa Beasaingo ostalaritza-lokal baten inguruan gertatu da, gaur, igandea, goizeko 2: 30ak aldera. Gizonak, jarrera bortitz eta larderiatsu baten bidez, emakume bat heldu eta astindu du, haren baimenik gabe hainbat aldiz musu emateko, eta, ondoren, alde egin du.
Jarraian, Beasaingo Udaltzaingoa eta Ertzaintza bertaratu dira, eta, hainbat lekukotasun jaso ondoren, 20 urteko gizonezkoa atxilotu dute, ustezko sexu-eraso delitu bat egotzita. Jarraian, Ertzaintzaren patruila batek Oriako ertzain-etxera eraman du biktima, salaketa jartzeko.
Atxilotua Oriako ertzain-etxera eraman dute, eta polizia-eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utzi dute gaur, igandea, goizean.