Basogintzan izaten diren lan ezbeharren aurkako plan europar bat jarri du abian Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak

Basogintzan izaten diren lan ezbeharren aurkako plan europar bat jarri du abian Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak

Hainbat lantalde sortu dira laneko istripuen intzidentzia handiaren eta horien larritasun bereziaren aurrean laneko segurtasun eta osasun baldintzak hobetzeko esperientziak partekatu ahal izateko

Osalan – Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundea eta Euskadiko Lan Ikuskaritza elkarlanean aritu dira Europako Lan Agintaritzarekin, basogintzan izaten diren laneko ezbeharren aurka talka plan bat abian jartzeko. Plan horretatik eratorritako jardueren esparruan, joan den ekainaren 4an eta 5ean Europako Lan Agintaritzaren bisita jaso zuten, Frantziako, Portugalgo eta Italiako ikuskaritzekin batera, basogintzan jarduerak egiten dituzten pertsonen lan baldintzak eta laneko segurtasun eta osasunekoak hobetzeko esperientziak partekatzeko helburuarekin. Sektore horretan, Europa osoa dago kezkatuta lan istripuen eragin handiagatik eta horien larritasun bereziagatik.

Osalaneko, Euskadiko eta Estatuko Lan Ikuskaritzako, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Portugal, Italia eta Frantziako ikuskaritzetako teknikariek osatutako hiru lantalde sortu dira, Legazpin, Soraluzen eta Beasainen (Gipuzkoa) dauden hiru baso lantegitara bisitak egiteko. Bisita horiei esker, jarduneko langileek bertatik bertara ikusi ahal izan dituzte baso sektorean ezarritako lan baldintzak eta segurtasun praktikak. Horrela, partehartzaile guztiek beren oharrak partekatu, eta hobetu daitezkeen arloak adierazi dituzte.

Sektore horretako lan baldintzak hobetzeko eta ezbehar tasa murrizteko elkarrekin lan egiten jarraitzeko konpromisoa berretsi dute Europako Lan Agintaritzak eta erakunde laguntzaileek. Batera egindako ahalegin hori urrats garrantzitsua da basogintzako jardueretan parte hartzen duten langile guztientzako, lan ingurune seguruagoa eta osasungarriagoa sortzeko bidean.