Gizon bat atxilotu dute Getxoko Ereaga hondartzan bainulari bati, hura ohartu gabe, motxila lapurtzeagatik

Ertzaintzako agenteek 34 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo, asteazkena, arratsaldean, Ereaga hondartzan, uretan zebilela, pertsona bati motxila lapurtzeagatik. Patruilak biktimaren gauza guztiak berreskuratu zituen, horien artean, diru-zorroa dokumentazio eta guzti, dirua eta telefono mugikorra. Gainera, lapurrak goizean, Getxon bertan, banatzaile baten furgonetatik lapurtutako beste telefono bat zeraman.

Atzo, ordu bata aldera, pertsona batek Ertzaintzari jakitera eman zion gizon bat motxila bat hartzen ikusi zuela, jabeak horma baten ondoan utzita zuena Ereaga hondartzan bainatzen ari zen bitartean, eta, ondoren, alde egin zuela.

Bertaratu zen Ertzaintzaren patruila bat berriemailearekin eta lapurtutako motxilaren jabearekin harremanetan jarri zen, gertatutakoari buruzko xehetasun gehiago biltzeko, eta, bien bitartean, beste polizia-dotazio bat ustezko lapurraren bila hasi zen inguruan. Handik gertu dagoen Maria Cristina parkean aurkitu zuen ustezko inplikatuaren deskribapen fisikoarekin bat zetorren pertsona bat. Gizonak motxila bat zeraman, eta barruan, besteak beste, dirua eta biktimaren izenean zegoen dokumentazioa zituen diru-zorro bat, telefono mugikor bat, erloju bat, betaurreko batzuk, arropa eta entzungailu batzuk zituen. Horrez gainera, bigarren telefono bat ere konfiskatu zioten, eta jakin ahal izan zutenez, goizean, Getxoko udal-barrutian lanean ari zenean, banatzaile baten furgonetatik lapurtutakoa zen.

Hori dela eta, ebasketa-delituak leporatuta atxilotu zuten. Batez ere jabetzaren aurkako delituengatik polizia-aurrekariak dituen atxilotua agintari judizialaren eskuetan jarriko dute dagozkion eginbideak amaitutakoan.

Ertzaintzak berreskuratutako objektu guztiak jadanik itzuli zaizkie legezko jabeei.