Ertzaintzak 26 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, asteazkena, arratsaldean, hil honen 1ean, Arabako hiriburuko parke batean, eta beste pertsona batzuen laguntzarekin, bi gizoni, arma zuri batekin mehatxatuz, egindako lapurreta bortitzean parte hartzea leporatuta. Bi biktimak osasun-zentro batean artatu behar izan zituzten lapurretan eragindako zauriengatik.
Egitateak ekainaren 1ean, goizeko zazpi eta erdiak aldera, gertatu ziren Gasteizko Iparraldeko parkean. Ertzaintzaren aurrean jarritako salaketen arabera, bi gizon banku batean eserita zeudenean, zazpi pertsonako talde bat hurbildu zitzaien, bost gizon eta bi emakume, eta horietako batzuk eraso egiten hasi zitzaizkien, lurrera botata. Erasotzaileetako batek labana atera zuen, eta arma zuriarekin mehatxu eginez eta kolpeak emanez, biktimetako bati telefono mugikorra eta erloju adimendun bat kendu zizkioten. Beste gizonari, indarrez tira eginda, lepoan zeraman urrezko kate bat kendu zioten gurutze eta guzti. Salatzaileen kontakizunaren arabera, goizaldean inplikatuek agiraka egin zieten, eta liskarra sortu zuten inguruan kokatutako aisialdiko lokal batean.
Bi biktimak ospitalean artatu behar izan zituzten erasotzaileek eragindako lesioen ondorioz.
Gasteizko Ertzain-etxetik zegokion ikerketa hasi zuten lapurreta bortitz horretan inplikatutako pertsonak identifikatzeko, eta atzo, asteazkena, arratsaldean, aurkitu eta atxilotu ahal izan zuten taldearen burua, bi biktimak ustez labanarekin mehatxatu zituena lapurreta egiteko.
Arma zuriekin eta hautsitako botilekin eraso egiteagatik eta jabetzaren aurkako egitateengatik aurrekariak dituen atxilotua epaitegira eramango dute polizia-izapideak amaitutakoan.
Ertzaintzak ikertzen jarraitzen du indarkeria erabiliz eta lesioak eraginez egindako lapurretan parte hartu zuten gainerako pertsonak identifikatu ahal izateko.